Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri du sexu indarkeriaren biktimentzako bigarren zentroa

Arrasaten dago zerbitzu berria, eta erabiltzaileek ordua hartu beharko dute. Emaztekien eskubideen eta aukeren inguruko informazioa eskainiko dute, baita laguntza psikologikoa eta aholkularitza juridikoa ere.

Hariberria Arrasateren inaugurazioa
Hariberria Arrasateren inaugurazioa, sexu indarkeriari arreta integrala emateko foru zerbitzua. FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko martxoaren 27a
13:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Sexu indarkeria jasaten duten emakumeei arreta integrala emateko hiru zentro zabaldu gogo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Hariberria du izena zerbitzuak: lehenbizikoaren behin betiko egoitza azaroan zabaldu zuten, Donostiako Gros auzoan; gaur inauguratu dute bigarrena, Arrasaten; eta hirugarrena Goierrin zabalduko dute, datozen hilabeteetan. Azaldu dute Arrasateko egoitzak sexu indarkeriaren biktimei eta haien senideei «laguntza integrala emateko sarea» indartuko duela.

Inaugurazioan izan dira, bertzeak bertze, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria, Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua, eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria. Mendozak adierazi du «premiazkoa» dela «diskurtso ukatzaileei» aurre egitea: «Hariberria zerbitzuaren bidez, urrats sendo bat egingo dugu norabide horretan, indarkeria matxistako kasuetan arreta emateko sarea indartuko baitugu, zerbitzu are pertsonalizatuagoa eman, eta sexu indarkeria matxistaren biktima izan daitezkeen emakumeentzat espazio seguru, hurbilago eta irisgarriago bat eskaini». 

Hain zuzen, Istanbulgo hitzarmenari jarraikiz eta soilik baietz da baietz legeak behartuta ari dira krisi zentro deiturikoak eratzen. Bortizkeria sexualaren biktimei arreta osoa emate aldera, Hego Euskal Herriko probintzia guztietan zabaldu behar dute halako zentro bat.

Arrasateko zentroa «irisgarria» dela azaldu dute, eta sexu indarkeria jasan duten emaztekiei arreta espezializatua emateko prestatuta dagoela. Halere, ez du Donostiako zentroak bezala funtzionatuko: egoitza nagusiak 24 orduko arreta eskaintzen du; Arrasatekoan, baina, ordua hartu beharko da. Erabiltzaileei emaztekien eskubideen eta aukeren inguruko informazioa eskainiko diete, baita laguntza psikologikoa eta aholkularitza juridikoa ere. Zentro inklusiboa dela azaldu dute, eta hainbat hizkuntzatan funtzionatzen dutela. 16 urtetik goitiko andreak eta haien ingurukoak izanen dituzte jomuga. Kontsultak egiteko hainbat bide zabaldu dituzte: hariberria@gipuzkoa.eus helbide elektronikoa mezuak bidaltzeko, 900-84 01 88 telefonoa deietarako, eta 747-44 43 89 zenbakia mezuetarako. 

Zentro gehiago

Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetan ere zabaldu dituzte halako zentroak. Nafarroan, erraterako, Sexu Indarkerien Arreta Integralerako Zentroa zabaldu zuten iazko udaberrian. Iruñean dago, eta era horretako indarkeriak sufritu dituzten emakumeei arta, aholkularitza eta laguntza ematea du xede. Hainbat alorretako profesionalek ematen dute zerbitzua, egunero, 24 orduz.

Bizkaian, berriz, bi zentro daude martxan: «larrialdietan» aritzen da bat —2023ko abenduan zabaldu zuten—, eta «biktimak lehengoratzea» sustatzen duen bertze bat —iazko udatik dago martxan—. Bortxa sexuala jasan duten andreei arta «integrala» ematea dute helburu.

Araban iazko apirilean zabaldu zuten Tximeleta zentroa, Gasteizen. Horrek ere bortxa sexuala jasan duten andreei arta «integrala» ematea du helburu, «krisi eta larrialdietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.