Arabako Tximeletak zentroko abokatua

Pilar Resa: «Sexu indarkeria jasaten dutenen izozmendiaren punta baino ez gara ikusten ari»

Sexu indarkeriaren biktimentzako laguntza integrala ematen dute Tximeletak zentroan. Emakumeak entzun, babestu eta prozeduraren bat abiatuz gero, bukaeraraino laguntzen dituzte. 180 erabiltzaile dituzte gaur egun.

PILAR RESA ABOKATUA
Pilar Resa abokatua. ENDIKA PORTILLO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Arabako Tximeletak zentroak sexu indarkeria jasan duten 16 urtetik gorako emakumeentzako arreta soziala, juridikoa eta psikologikoa eskaintzen ditu, doan. 180 erabiltzaile ditu gaur egun. Pilar Resa (Gasteiz, 1976) abokatuak aitortu du bazekitela zer gertatzen zen emakumeen aurkako sexu indarkeriaren inguruan, baina zentroan lanean daramatzan hamar hilabeteek erakutsi diotena da baieztatu ahal izan dutela indarkeria horrek duen tamaina handia.

Zentroak zer funtzio betetzen duela esango zenuke? 

Existitzen ez zen zerbitzu bat estaltzen du, eta ikusgarritasuna ematen dio existitzen ez dela dirudien arazo bati. Emakumeek behar dute jakin sinetsi egingo zaiela, ez zaiela auzitan jarriko, eta prozesu guztian lagunduko zaiela. Emakume batzuk etorri zaizkigu aurrez ertzainetara jo dutenak, kontatu dutenak gertatu zaiena, eta ertzainek esan izan diena hori ez dela salagarria. Gero hona etorrita konturatu dira entzun egiten zaiela, eta kasu askotan salaketa jar litekeela. Ikusi dugu agian gazteek errazago salatzen dutela. Helduek onargarritzat jo dituzte gauza asko onartezinak direnak.

Zer eratako arta eman behar izan duzue urtebete honetan?

Kasuak askotarikoak dira, baina abiapuntua beti emakumea da. Haren nahien arabera jarduten dugu. Baditugu kasuak haurtzaroan edo nerabezaroan oso sexu eraso larriak jasan dituztenak, eta orain arte indarrik bildu ez dutenak kontatzeko. Hemen entzun eta lagundu egiten ditugu. Edo harreman egonkor baten barruan abusuak eta sexu erasoak jasan dituztenak. Izaten ditugu deiak sexu abusua jasan dutenak agian duela hilabete batzuk, eta zentrora deitzen dutenak kontatuz ea zer aholkatzen diegun. Baditugu premiazkoak diren beste kasu batzuk ere, ertzainek zuzenean deitzen digutena. 

Izango da protokolorik, ezta?

Hori da, haiek ere protokolo bat dute, eta abisatzen digute esanaz larrialdietara doazela sexu eraso bat jasan duen emakume batekin. Gu gerturatzen gara haiengana, eta hasieratik eskaintzen diegu laguntza. Sexu eraso puntualak ere artatu izan ditugu. Batzuetan, hala nahi badute, salaketa jartzera laguntzen diegu, ofiziozko abokatuarekin hartu-emanetan jartzen laguntzen diegu, eta prozesuan ez ditugu bakarrik uzten. Hori normalean erasoa jasan berri izan denean gertatzen da.

Salaketa jartzea beharrezkoa da zentroan artatzeko?

Ez da beharrezkoa.

Noiznahi jo liteke zuengana?

Gu gaude 24, 7, 365. Beti dago norbait telefonoaren beste aldean.

Zein jokabide duzue dei bat jaso orduko?

Saiatzen gara lasaitzen, entzun egiten dugu, eta kontatzen digunaren arabera jarduten dugu. Niri kasu batean gertatu zitzaidan deitu zuen emakumearekin larrialdietara joan behar izatea antsietate krisi batek eman ziolako. Dena den, badakigu kasu askoren berri ez daukagula. Izan ere, emakumeek beraiek erabakitzen dute gure zerbitzua jaso nahi duten edo ez.

«Emakumea bakarrik egon ez dadin sortu da zentro hau, babestua senti dadin denbora guztian»

Prozesu bat abiatzean, noiz arte laguntzen dituzue?

Prozedura amaitu arte. Baina, adibidez, auzitegietan hasitako bideari dagokionez, oraindik ez dugu prozedura judizialik amaitu, bide horiek luzeak izaten direlako. Psikologikoki artatu ditugunen artean, berriz, saioak ematen zaizkie etortzen diren emakumeei, eta aurrera nola egiten duten ikusi ahala saio horien maiztasuna luzatzen joaten da. Altaren bat egon da urte honetan, baina gutxiengoa da.

Prozesu osoan lagunduta dago beraz emakumea?

Emakumea bakarrik egon ez dadin jaiotzen da zentro hau, emakumea babestua senti dadin denbora guztian.

Disziplinartekotasunez egiten duzue lan. Zein izan da esperientzia?

Psikologoak eta abokatuak gaude zentroan, eta funtzionatzen du; oso ondo gainera. Psikologoak dira, nire ustez, figurarik garrantzitsuenak, hona etortzen direnei osatzen laguntzen dietenak haiek direlako. Baina psikologoek maiz jotzen dute gugana artatzen ari diren emakumeek, agian, kezka dutelako paperak erregularizatu behar dituztelako, edo bankuan zerbait egin behar dutelako, eta asko blokeatuta iristen direlako. Gu saiatzen gara laguntzen kudeaketa horiek arintzen. Beste kasu batzuetan aholkularitza juridikoaren bila etortzen dira, baina horrek ez du esan nahi psikologikoa ere behar ez dutenik.

Esango zenuke zentroa ezaguna dela?

Hasieran gizarte zerbitzuek bidalita iritsi ziren kasu gehienak, baina orain gero eta gehiago dira beren kasa iristen direnak, zentroaren berri izan dutelako. Kanpainek emaitza eman dute. Kartelak jarri dira, buzoneatu da... Eskola askotatik ere deiak sartzen hasi zaizkigu. Sexu indarkeria kasuak ezagutzen dituzten orientatzaileak izaten dira maiz.

«Ikusi dugu gazteek errazago salatzen dutela. Helduek onargarritzat jo dituzte onartezinak diren gauza asko»

Urtebete egitera doa. Zer ondorio nagusi atera duzue?

Batetik, oso beharrezkoa dela. Bestetik, zentroan ohartu gara sexu indarkeria jasaten dutenen izozmendiaren punta baino ez garela ikusten ari. Hori da hemen lanean gabiltzon denok daukagun ustea. Zeren izan dugu kasu batzuen berri gertatu izan direnak eta ez direnak etorri, edo behin etorri informazio bila eta gehiago etorri ez direnak. 

Abokatu gisa, bide judizialean zer hobetu liteke?

Batez ere, bi gai azpimarratuko nituzke: lehenik, eskatuko nukeena da bigarren epaitegi bat genero indarkeriarentzat Gasteizen, dagoena gainezka dago-eta. Bigarrenik, birbiktimizazioa saihestea. Emakumeak lau aldietaraino kontatu behar izaten du gertatu zaiona epaiketara iritsi baino lehen. Horrekin batera, epeak murrizteko eskatuko nuke. Izan ere, askotan emakumeek ez dute prozesu osoa aguantatzen. Animatuta daude hasieran, baina ikusita nola joaten den prozedura, igual sei hilabetera etsi egiten dute, eta nahi dutena da ahaztu. Gainera ari dira lan bat egiten psikologikoki, eta askotan, bere ongizaterako onena da prozedura judizialaz ahaztea, ez dakizulako zer aterako den gero.

Sexu erasoagatiko salaketa gero eta gehiago daude. Zer dago atzean?

Informazioa, formakuntza eta hezkuntza behar dira. Ez dugu besterik. Izan ere, errezkerian erortzen diren mezu horiek barneratzen dituzte askok. Adibidez, emakumeek ere jotzen dutela. Hori da genero indarkeriazko auzitegian gizonen ahotik gehienetan entzuten duguna: andreek beraiek ere jotzen dituztela. Eta hezkuntzaren gaian, onarpenaren gaia ondo azaltzea inportantea da. Hona iristen diren kasu askotan azaldu digute ez zutela nahi sexu harremanik izan, baina gizonezkoa ez zela geratzen, esan arren geratzeko. Beraz, esplikatzea asko maita daitekeela bikotekidea, baina une jakin batean ez baduzu sexu harremanik izan nahi hori adieraztea inportantea da. Eta aldian behineko harremanetan ezetza ezetza dela argi edukitzea ere bai. Nik ez dut emakume bat ezagutzen ikusten duena gizon bat mozkor-mozkor eginda, eta bururatzen zaiona une horretan gizon horrekin sexu harremanak izatea; aldiz, gizonetik emakumera gertatu egiten da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.