Hego Euskal Herrian sexu askatasunaren aurkako delitutzat hartuko da sexu harreman batean preserbatiboa kentzea edo ez jartzea, aurretik erabiltzea adostu bada. Hala ebatzi du asteon Espainiako Auzitegi Gorenaren osoko bilkurak, kasu zehatz baten harira izandako eztabaidan. Halako jardunak sexu erasoen parekotzat joko dira, sexu harremanetarako onespena urratzen dutelakoan, baina magistratuek oraindik ez dute zehaztu zer zigor ezarriko den.
Sevillako Probintzia Auzitegitik (Espainia) iritsitako kasu batek eragin du epaileen gogoeta. 2017an egindako sexu eraso batengatik —orduko legearen arabera, abusutzat hartua— gizon bati lau urte eta erdiko zigorra ezarri zioten, eta hark helegitea jarri zuen. Sexu harremanak hasi aurretik, gizonak emakumeari ohartarazi zion sexu bidez kutsatutako gaixotasun bat tratatzen ari zela, eta andreak preserbatiboa erabiltzeko baldintza jarri zion erlazioetarako. Emakumeak berak eman zion preserbatiboa, baina gizonak ez zuen jarri, eta emakumea ohartu zenean, gizonak alde egin zuen; ondorioz, gaixotasuna kutsatu egin zion biktimari.
«Eraso larria»
Sevillako epaileek argudiatu zuten akusatuak «eraso larria» egin ziola emakumearen askatasun sexualari, biktimak preserbatiboarekin baino ez zuelako onartu sexu harremanak izatea: «Engainua erabili zuen, biktimaren onespenik eta ezagutzarik gabe, adostu ez zuten kontaktu sexual bat izateko». Lehen epaia berretsi zuenean, antzeko jarrera agertu zuen Andaluziako Auzitegi Nagusiak ere.
Azken aldian antzeko kasu batzuk izan direla eta, osoko bilkuran aztertu du gaia Gorenak, irizpide bat adoste aldera. Aho batez ebatzi dute delitutzat hartzea stealthing ere deiturikoa: preserbatiboa erabiltzea adosten denetan, hura ez jartzea edo ezkutuan kentzea. Dena den, osoko bilkuran ez da adostasunik izan jarri beharreko zigorraren inguruan. Magistratuetako bostek boto partikularra emango dute, uste dutelako onespenik gabeko sarketaren pareko kondena —lau eta hamabi urte bitartekoa— ezarri behar litzatekeela, baina ez da jakina gainerakoek zer irizpide duten. Datozen asteetan argituko da, epaia ezagutzera ematen dutenean.