Indarkeria matxista

Sexu harremanetan onespena «berariaz» ematea aldarrikatuko du Nafarroako Gobernuak

Azaroaren 25erako kanpaina aurkeztu, eta datuak eman ditu: urtarriletik irailera, 30 urtez azpiko emakumeek jarri dituzte sexu indarkeriarekin lotutako salaketen %73.

Sexu indarkerian jarriko du fokua azaroaren 25erako kanpainak Nafarroan. NAFARROAKO GOBERNUA
Maite Asensio Lozano.
2023ko azaroaren 13a
17:52
Entzun

Sexu indarkerian jarriko du arreta Nafarroako Gobernuak aurtengo azaroaren 25ean. Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko kanpaina aurkeztu du gaur: Sexu indarkeriak. Gertatzen ari dira lelopean, emakumeen askatasuna aldarrikatu nahi du, eta «aldaketa sozial eta kultural bat» sustatu, «berariazko onespena» funtsezkoa izan dadin harreman afektibo-sexualetan. Izan ere, bortxa horrekin lotutako salaketak gora egiten ari dira gazteen artean: aurten urtarriletik irailera jarritako 266 salaketen %73 30 urtetik beherako emakumeek jarri dituzte.

Hala, kanpainako materialetan, emakumeak gune ludikoetan jarri dituzte, eta mezu hauek: «Whatsapp bat da. Ez da baiezko bat», «Gona bat da. Ez da baiezko bat», «Dantza bat da. Ez da baiezko bat»... Patricia Abad Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendariak azaldu du halako egoerak ohikoak direla: «Emakumeen onespena ez da kontuan hartzen, haien desioak eta espektatibak gutxiesten dira; sarri, gizon batek bere desioak eta espektatibak inposatzen ditu, eta, beraz, emakumeari eraso egiten dio».

Felix Taberna Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Berdintasun kontseilariak adierazi du indarkeria matxistaren aurkako jarduna «lehentasun politiko bat» dela gobernuarentzat, eta soilik baietz da baietz leloaren garrantzia azpimarratu du: «Emakumeen onespena erdigunean jarri behar da: emakumearen onespen librerik ez duen ekintza sexual oro bortizkeria da».

Salaketak, gora

Indarkeria matxistari buruzko datuak ere eman dituzte: goranzko joera nabari da salaketa kopuruari dagokionez. Iaz ,1.929 salaketa izan ziren, 2021ean baino 290 gehiago. Aurten, urtarriletik eta irailera bitarte, 1.569 salaketa jaso dituzte; horietatik 266 sexu bortizkeriarekin lotuta daude, eta ia hiru laurdenak emakume gazteek jarri dituzte: 30 urtez azpikoek aurkeztu dituzte salaketa horien %73.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.