Sexu erasoengatik jarritako salaketak %19 ugaritu dira EAEn

Iaz 766 salaketa aurkeztu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sexu erasoengatik; denera 750 emakumek jarri zituzten.

Sexu eraso bat salatzeko eginiko protesta Zumaian, artxiboko irudian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Sexu eraso bat salatzeko eginiko protesta bat Zumaian, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko urtarrilaren 23a
15:10
Entzun

Iaz 766 salaketa jarri zituzten EAEn sexu erasoengatik. 2023koekin alderatuta, %19 salaketa gehiago dira, Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak jasotako datuen arabera.

Guztira 750 emaztekik salatu zuten sexu erasoren baten biktima izan zirela. Salaketa kopuruak nabarmen egin du gora Gipuzkoan, %28,2 hain zuzen: iaz 286 salaketa izan ziren, eta 2023an, berriz, 223. Araban ere anitz ugaritu dira, %24: 114 jarri zituzten iaz, eta 92 aitzineko urtean. Bizkaian ere gehitu dira, baina gutxiago, %9,4: 350 aldiz jo zuten epaitegira edo komisariara iaz, eta 320 duela bi urte.

Familiak egindako indarkeria jasaten duten emakumeen salaketek ere gora egin dute  —datu horrek ez du barne hartzen bikotekide ohien eta bikotekideen indarkeria—: %12,5. Iaz 1.059 emakumek salatu zuten indarkeria mota hori, eta aitzineko urtean 941ek. Kasu horretan ere, Gipuzkoan ugaritu dira gehien halako salaketak: %15,7koa —338 salaketa izan ziren iaz, eta 292 aitzineko urtean—. Araban %13 egin zuten gora arlo horretako denuntziek, eta Bizkaian, berriz, %10,5.

Bikotekideen edo bikotekide ohien indarkeria jasaten duten emakumeenak %4,5 igo dira: 3.825 izan ziren iaz, eta 3.659 aitzineko urtean.

Nafarroan, berriz, 1.817 salaketa jarri zituzten iaz indarkeria matxistagatik uztailaren 31ra arte. Aitzineko urtean baino %23 gehiago dira. Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak eman zituen datuak, iazko azaroan. Ohartarazi zuen erasotzaileak gero eta gazteagoak direla eta indarkeria matxistak eragin nabarmena duela seme-alaba adingabeengan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.