Sexu erasoei dagozkien salaketak %48 ugaritu dira Euskal Autonomia Erkidegoan urteko lehen sei hilabeteetan, 2019an denbora tarte berean izandakoen aldean. Joan den urteko datuekin konparatuta, berriz, kopurua %31 igo da. Sexu askatasunaren aurkako delituei dagokienez, urte batetik bestera %20 gehitu dira, eta 2019tik %51.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eman ditu datuak, Euskadi Irratiko elkarrizketa batean. Salaketa gehiago jartzeari egotzi dio azken urteetan estatistiketan izandako gorakada. Alde horretatik, igoeraren alde ona aipatu du sailburuak: «Gizartearen eta biktimen sentsibilizazioari esker, ezkutuan zegoen kriminalitatea plazaratzea lortu da». Gaineratu du «benetako egoeraren irudia» gertuago dagoela salaketa horiei esker.