Gipuzkoako Foru Aldundiak Hariberria izeneko zerbitzua inauguratu du, sexu indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko zerbitzua. Donostiako Gros auzoan zabaldu dute gunea, Kale Berriko 10. zenbakian. Aldundiko arduradunen esanetan, «berehalako arreta integrala eta espezializatua» emateko diseinatuta dago, eta sexu indarkeria motaren bat pairatu duten emakumeei (edo horren susmoa dutenei), haien familiei eta ingurukoei zuzendua dago. Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak, Espainiako Gobernuko ordezkari Marisol Garmendiak eta Donostiako alkate Eneko Goiak parte hartu dute aurkezpen ekitaldian, besteak beste.
Hariberria egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez egonen da zabalik, eta aurki zabalduko dituzten beste bi zentrorekin batera, sare bat osatuko du, sexu indarkeriaren aurkako artaren esparruan. Zentroak zerbitzu integrala eskainiko du, emakumeen eskubideei eta aukerei buruzko informazioa eta argibideak emate aldera; laguntza psikologikoa eta soziala ere izan dira bertan, emakumeen errekuperazio prozesua errazteko. Gainera, aholkularitza juridikoa ere emanen diete emakume biktimei, legezko tramiteetan laguntzeko. 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, baina baita haien senideei eta inguru hurbilekoei ere.
Donostiako guneaz gain, sexu indarkeriaren aurkako beste bi zentro zabalduko dituzte aurki, Arrasaten eta Goierrin (Gipuzkoa). Arrasatekoa urte bukaerarako ireki nahi dute, eta Goierrikoa, berriz, heldu den urteko lehen seihilekorako.