Sexu erasoak jasandakoen desintoxikazio gunea

Tolosako osteopataren biktimak laguntzeko saioak prestatu dituzte Tolosako Udalak eta Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak; erreparaziorako bidea hartuta, «elkar entzuteko gunea» antolatu dute.

Clara Wolfram Perez eta Libe Muguruza Agirre, Andragoran, saioetako baten hasieran. BERRIA
Clara Wolfram Perez eta Libe Muguruza Agirre, Andragoran, saioetako baten hasieran. BERRIA
Irati Egibar Izeta
Tolosa
2024ko apirilaren 3a
05:00
Entzun

Osteopataren kontsulta. Berez, eremu seguru bat, konfiantzazkoa. Jendea minez, minzorriz edo arazoak saihesteko joan ohi den tokia, beren osasuna beste pertsona baten eskuetan jarrita. Halakoetan, gorputzak ukitzea ezinbestekoa zaie osasun langileei; baina Tolosan (Gipuzkoa), gizonezko osteopata batek konfiantzaren marra gorria zeharkatu du, eta sexu erasoak egin dizkie hainbat emakumezko pazienteri, egoeraz aprobetxatuta.

Orain arte, hamar andrek jarri dute salaketa Tolosako osteopataren kontra, sexu erasoak egitea leporatuta. Osteopatak ukituak egin zizkien emakumeei, bera eta andreak kontsultan bakarrik geratzen zirela baliatuta. Indarkeria horren biktimak eta haien ingurukoak laguntzeko tresnak jartze aldera, hainbat urrats egin dituzte udalak eta Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak. Erreparazioaren bidea hartuta, bi saio egin dituzte Clara Wolfram Perezen gidaritzapean. Indarkeria matxista pairatu duten emakumeekin lanean aritzen da Wolfram, eta eraso horiek guztiak «emakumeak hauskorren dauden tokian» gertatu direla salatu du.

Horrelako kasuetan bortizkeria pairatzea bereziki larria dela iritzi dio Wolframek: «Nolabait ere, erasotzaileak biktimaren hauskortasuna baliatu du: emakumea gizonarekin bakarrik geratu da, haren eremuan. Emakumearen osasuna zaintzeko aitzakiapean egin ditu ukituak. Hor indarkeria pairatzea bereziki larria da, babesik gabe baitago biktima. Gainera, andre horien abiapuntua gizon horrenganako erabateko konfiantza zen».

«Erakunde publikoek eta herritarrek indarkeria jasan duten emakumeak entzun behar dituzte».

CLARA WOLFRAM PEREZ Indarkeria matxista pairatu duten emakumeen ahalduntzean aditua

Salaketa jarri edo ez, osteopataren sexu erasoa sufritu dutenentzat eta haien gertukoentzat antolatu dituzte azken bi larunbatetan egindako saioak. Izan ere, Libe Muguruza Agirre Andragorako dinamizatzailearen ustetan, «errua eta lotsa» iltzatuta geratzen dira halako kasuetan, eta «horri buelta eman behar zaio». Andragoran lehendik ere eskaintzen zituzten aholkularitza psikologiko eta juridiko indibidualak; osteopataren erasoek, berriz, «kutsu kolektiboa» dute, eta erreparazioaren bidean biktimentzat eta haien ingurukoentzat saio kolektiboak lantzeko beharra izan dutela erantsi du Muguruzak.

Oraingoz, hiru orduko bi saio egin dituzte; hilabete barru, hirugarrena egingo dute. Wolframek azaldu duenez, biktimentzat «espazio seguru bat» sortzea izan dute helburu: «Osteopata honek eraso dien emakumeak elkartzeko eta elkar ezagutzeko saioak izan dira. Izan ere, gehienek ez zuten elkar ezagutzen. Baliteke prozesu hau luzatzea, eta, beraz, funtsezkoa izango da elkar babestea eta saretzea».

Eraso guztien oinarrian matxismoa dagoela agerian uztea da saioen beste helburuetako bat, baita horren gaineko gogoeta sustatzea ere. Indarkeria matxista hor dagoela azaleratzea eta horretaz hitz egiteko aukera izatea beharrezkoa da, Muguruzaren iritziz: «Oraindik ere kale ilun batean parrandatik itzultzean agertzen den gizon ezezaguna irudikatzen dugu erasotzaile gisa; salatzen diren indarkeria sexual gehienak, ordea, ezagun batek egindakoak izaten dira, hau da, konfiantzazko gizon batek egindakoak».

Erreparazioaren bidea

Nor naiz ni?; Nondik nator?; Istorioaren zein puntutan nago ni?. Hiru galdera horiek idatzi zituen Wolframek arbelean, dinamizatutako azken saioan. Haren iritziz, beharrezkoa da biktimentzako segurtasun eremuak sortzea. Horretarako, arau batzuk finkatu zituzten saioaren hasieran: «Lehendabizi, konfidentzialtasuna bermatuko dugula; horretaz gain, ez ditugula gure kontakizunak justifikatu beharko; eta, bukatzeko, ezin dugula gure artean konparaziorik egin. Elkarri sinistea, geure artean entzuteko prest egotea eta libre hitz egitea, horiek dira saioaren abiapuntuak».

Emakume bakoitzaren kontakizuna entzutean oinarritzen da Wolfram saioak antolatzeko, eta, horretarako, «entzuteko denborak eta moduak markatzen dira». Haren esanetan, galdera asko egitea izaten da laguntzeko joera nagusia, eta «hori ez da komeni»: «Galderak egiten badira, biktima laguntzeko izan behar du, ez kuriositatea pizteko».

«Gorpuztu egin behar dira manifestazioetan ozen oihukatzen ditugun ‘Ez zaude bakarrik’ edo ‘Nik sinesten dizut’ esaldiak».

LIBE MUGURUZA AGIRRE Andragorako dinamizatzailea

Halakorik ez gertatzeko, erreparazioa lantzea hautatu du Andragorak. Muguruzak garbi dauka andre bakoitzak hartu duen bidea errespetatu behar dela, eta Andragorakoek laguntzeko baliabide guztiak eskaini behar dituztela. Wolframek ideia horri heldu dio, eta arlo publikoan jarri du arreta: «Erakunde publikoek eta herritarrek entzun egin behar dituzte bortizkeria jasan duten emakumeak. Agian, erreparazio ekonomikoa beharko du baten batek; beste batek, berriz, minaren erreparazioan laguntza beharko du. Kasu guztietan, biktima entzutea da garrantzitsuena».

Desintoxikazio saioak

Indarkeriaren ondorio kaltegarrienetako bat emakumea «bakartzea» dela azaldu du Muguruzak. Izan ere, bortizkeria egoera batetik ateratzeko, funtsezkoa da babesa eta laguntza sentitzea. Horretan dihardute Andragorako kideek: «Osteopatak egindako eraso horiek guztiak egiturazko indarkeria matxista baten ondorioak dira. Gorpuztu egin behar dira manifestazioetan ozen oihukatzen ditugun Ez zaude bakarrik eta Nik sinisten dizut esaldiak».

Bide horri jarraikiz, hainbat jarduera antolatu dituzte Tolosako Udalak eta Andragorak elkarlanean: hasteko, biktimentzako beste saio bat antolatuko dute datorren hilabetean; bestalde, apirilaren 12an, Nik sinisten dizut…erasotzailea ezagutzen ez dudan bitartean izeneko hitzaldia eskainiko du Norma Vazquez psikologo feministak; eta, azkenik, ikasturtea amaitu arte, indarkeriarik gabeko saioak eskainiko ditu ostegunero Wolframek.

Aipatutako saio horiekin «desintoxikatzeko gune bat» eraiki nahi du Wolframek: «Indarkeria matxistak sortzen dituen kalteez desintoxikatzeko gunea izango da». Izan ere, indarkeria matxistak bere kalteak eta barne hausturak eragiten ditu, haren iritziz, eta horri aurre egin behar zaio. «Oraingoz hamar salaketa jarri dira, baina baliteke aurrerantzean ere salaketa gehiago izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.