Sexu erasoak eta «erasotzaileak babesten dituztenak» gaitzetsi dituzte Gernikan

Allende Salazar ikastetxeko eskola komunitateak elkarretaratzea egin du.

Elkarretaratzea Allende Salazar ikastetxean
Ikastetxean egindako elkarretaratzea. BERRIA
gotzon hermosilla
Gernika
2023ko abenduaren 18a
17:45
Entzun

Orain arte Lointek Gernika saskibaloi taldeko kirol arduradun izandakoaren, hau da, Mario Lopezen kontrako salaketek giroa inarrosi dute Gernikan (Bizkaia). Gernikako Allende Salazar ikastetxeko eskola komunitateak elkarretaratzea egin du, eta gaitzetsi egin ditu «umeen kontrako edozein eraso, eta erasotzaileak babesten dituztenak». Adingabea zelarik Lopezek hiru urtez sexu abusuak egin zizkiola salatu duen neska ikastetxe hartako ikaslea izandakoa da, eta horregatik egin dute elkarretaratzea ikastetxeko atarian. 

Haurren kontrako erasorik ez leloa idatzita zeukan pankarta baten azpian elkartu dira ikastetxeko ikasle, irakasle eta gurasoak. Aritz Zearra zuzendariak, Borja Agirre ikasketaburuak eta Nahia Idoiaga eta Naia Odriozola Guraso Elkarteko kideek irakurri dute agiria. Elkartasuna adierazi diote salaketa egin duen ikasle ohiari, eta edozein eraso, eta bereziki sexu abusuak, jasan dituzten guztiei: «Gure helburua da haurrak babestea, bereziki zaurgarrienak», azaldu dute. Halaber, bat egin dute Gernikan egitekoak diren gainerako mobilizazioekin, bereziki Sare Feministak antolatutakoekin. Txalo zaparrada batez amaitu da ekitaldia.

Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.