Sexu erasoak egotzita, bi gizon atxilotu dituzte bart Iruñean

Atxilotuetako bat Anelier pasealekuan atxiki dute, eta Errekoleten kalean bestea.

Iruñeko mugimendu feministaren elkarretaratzea atzo, indarkeria matxistaren aurka, Gazteluko plazan.
Iruñeko mugimendu feministaren elkarretaratzea atzo, indarkeria matxistaren aurka, Gazteluko plazan. IÑIGO URIZ/EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko uztailaren 13a
11:55
Entzun

Iruñeko sanferminetako zazpigarren gauean, bi gizonezko atxilotu dituzte sexu erasoak egotzita. Foruzaingoak azaldu duenez, gizonezkoetako bat Anelier pasealekuan atxiki dute, eta bestea, Errekoleten kalean. Poliziak ez du erasoen gaineko xehetasunik eman.

Iruñerriko mugimendu feministak elkarretaratze bat egin zuen atzo, sanferminetan izan diren sexu erasoak salatzeko. Adierazi zutenez, festak hasi direnetik hemeretzi salaketa izan ziren atzo gauera arte sexu erasoengatik. Mugimenduak bigarrenez bete zuen Gazteluko plaza aurtengo sanferminetan, eta eraso matxistekin «nazkatuta» daudela adierazi zuten bildu zirenek. Festak aske bizitzeko erabakimena ere erakutsi zuten. «Ez gara etxean geratuko».

Iruñeko Udalak esana du 112 telefonoan salatu daitezkeela era guztietako eraso matxistak, eta ez dela beharrezkoa salaketa aurkeztea eraso baten berri emateko. Sexu indarkerian formakuntza jasotako profesionalek eskainiko diote arta erasoa pairatu duen emakumeari. Mugimendu feministak ere eskuragarri jarri du eraso sexistak salatzeko telefono bat: 660-34 46 92.

Beste zazpi atxilotu

Foruzaingoak jakinarazi du beste zazpi lagun atxilotu dituela bart. Horietako bosti lapurreta egotzi diete; beste bat arma zorrotz bat izateagatik atxilotu dute, eta beste bat, agintearen kontrako atentatuagatik.

Foru poliziak azaldu duenez, 614 salaketa jaso ditu orain arte Iruñeko aurtengo sanferminetan; horietatik hamahiru sexu erasoengatik izan dira. Horrez gain, jakinarazi du 90 lagun atxilotu dituela, eta horietatik hamaseiri egotzi dietela sexu erasoren bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.