Sexu erasoak egiteagatik bi gizon atxilotu dituzte Nafarroan

Iruñeko taberna batean emakume bat bortxatu izana leporatzen diote bati. Kanbon gizon talde batek emakume bati egin zion bortxaketa gaitzetsi dute elkarretaratze batean; atxiloaldia 48 orduz luzatu diete atzemandako hiru gizonei.

Kanboko emakume bat bortxatu dutela salatzeko elkarretaratzea gaur, Kanboko herriko etxearen aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Kanboko emakume bat bortxatu dutela salatzeko elkarretaratzea gaur, Kanboko herriko etxearen aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
gotzon hermosilla
2024ko ekainaren 4a
20:20
Entzun

Iruñeko Udaltzaingoak 50 urteko gizon bat atxilotu zuen larunbat gauean Alde Zaharreko taberna batean, 31 urteko emakume bat bortxatzea egotzita. Atxilotua espetxeratzeko agindu zuen epaileak.

Emakumea eta haren ama San Nikolas kaleko taberna batean zeuden. Ama komunera joan zen, eta gizona alaba bortxatzen ari zela ikusi zuen. Erasoaren berri eman zien tabernako langileei eta Iruñeko Udaltzaingoari. Udaltzainak iritsi bitartean, tabernako langileek ustezko erasotzailea atxiki zuten. Udaltzainak iritsi zirenean, abian jarri zuten sexu erasoen protokoloa, eta emakumea Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zuten. Gero salaketa jarri zuen.

50 urteko gizona tabernan bertan atxilotu zuten. Sexu eraso bat egitea leporatzen diote. Epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen igandean.

Tuteran (Nafarroa), berriz, udaltzainek jakinarazi zuten atzo goizaldean 54 urteko gizon bat atxilotu zutela, indarkeria matxista egotzita, baita sexu eraso bat egin izana ere. Atxiloketa 01:00 aldera egin zuten, eta gizona Foruzaingoaren polizia etxera eraman zuten, epailearen esku utzi bitartean. Ez zuten bestelako informaziorik eman leporatzen dioten sexu erasoaren inguruan.

Zazpi urteko kartzela zigorra

Horrez gain, Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak zazpi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, sexu eraso batengatik: gizonak bortxatu egin zuen bere etxe batean maizter gisa zeukan emakume bat. Gutxienez zigorraren erdia betetzen duenean, kanporatu egingo dute, eta sorterrira bidali, Marokora. Ezingo da emakumearengana gerturatu hamabost urtean, eta 10.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio. Zigortuak 2.880 euro ordaindu beharko dizkio beste emakume bati, bortxatutakoari laguntzera joan eta gizonak jo egin zuelako. Lesio arinak eragin zizkion. Epaiari buruzko akordioa lortu, eta, horregatik, zigor eskaera apaldu dute, 11 urtetik zazpira.

Gizonak etxea alokatu zien bi emakumeri. Fiskaltzaren arabera, iazko uztailaren 27an emakumeetako baten gelan sartu zen, eta bortxatu egin zuen. Beste emakumea erasoa oztopatzen saiatu zen, baina gizonak hiru ukabilkada eman zizkion aurpegian, lurrera bota zuen, eta emakumea bortxatzen jarraitu.

Elkarretaratzea Kanbon

Bestalde, gizon talde batek emakume bati larunbatean egin zion bortxaketa gaitzetsi zuten atzo Kanbon (Lapurdi). Elkarretaratze bat egin zuten Herriko Etxearen aurrean, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean, Itaiak eta EH Baik deituta; EAJk ere bat egin zuen deialdiarekin.

Atzo egin zen publiko talde bortxaketa: Kanboko emakumeak salatu du hiru gizonek taldean bortxatu zutela larunbat gauean, arma batekin mehatxaturik. Capbretonen (Okzitania) gertatu zen bortxaketa, gaualdi baten ondotik, emakumeak salatu duenez. Erasotuak salaketa jarri zuen berehala, eta Akizeko (Okzitania) Jendarmeriak atxilo hartu zituen hiru gizonak. Poliziak beste 48 orduz luzatu du haien atxiloaldia gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.