Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendariordea

Sara San Julian: «Sexu eraso ugari gertatzen dira bikotearen barruan, eta ez dira salatzen»

Sexu indarkeria kasuetan, biktimei «traba administratiboak» kentzearen alde mintzatu da Nabiko arduraduna.

Sara San Julian, Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendariordea. IÑIGO URIZ / FOKU
Sara San Julian, Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendariordea. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

Nabi Nafarroako Berdintasun Institutuko Gobernantza zuzendariordea da Sara San Julian iruindarra. Pozik azaldu da Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentro berriak izan duen harrerarekin, eta ezinbestekotzat jo du administrazioen bultzada, politika feminista eraginkorrak aplikatzeko.

Nola definituko zenuke Iruñean zabaldu berri duzuen gunea? Krisi zentro bat da?

Ez dugu izen hori erabiltzen, murritzegia iruditzen zaigulako. Orain arte, krisi zentro gisa sailkatu dira indarkeria matxistaren biktimei arta emateko larrialdi guneak, baina gurea harago doa. Gainera, krisi zentroaren kontzeptua nahasgarria izan daiteke, askok pentsa dezaketelako hona etor daitezkeela soil-soilik sexu eraso bat pairatu dutenean.

Eta ez da horrela?

Ez. Alde batetik, sexu eraso bat sufritu duzun momentuan, egokiena izan daitekeelako 112ra deitzea edo ospitaleko larrialdietara jotzea. Egia da 24 orduko arreta eskaintzen dugula, hau babesleku bat ere izan daitekeela eta eskura ditugun baliabide guztiak jarriko ditugula biktimen zerbitzura, baina gure ikuspegia larrialdiaz harago doa. Eskaintzen dugu laguntza psikologikoa, juridikoa edo gizarte lanaren esparrukoa, kasuan-kasuan. Sexu indarkeriei erreparatzen diegu, eta kasu bakoitzaren ezaugarrien eta biktimen beharren araberakoa da erantzuna ere.

Sexu indarkeriak aipatu dituzu, pluralean. Zergatik?

Ez dagoelako sexu indarkeria bakar bat: izan daitezke sexu erasoak edo bortxaketak, baina, besteak beste, baita mutilazio genitala, onespenik gabeko ezkontzak, prostituziora behartzea edo giza salerosketa ere. Horregatik esaten dugu sexu indarkeriak pluralean, baita zentroaren izenean ere. Mugimendu feministak erakutsi digu ez dugula emakumeaz singularrean hitz egin behar, emakumeez baizik, ez baitago emakume eredu bakar bat. Bada, sexu indarkeriarekin gauza bera gertatzen da: ez da indarkeria mota bat, asko baizik, eta ez dago protokolo bakar bat. Zer behar da kasu bakoitzean? Laguntza psikologikoa? Aholkularitza juridikoa? Biktimak salaketa aurkeztu nahi du ala ez? Formakuntza behar da? Zentroko profesionalek egoera bakoitzaren ezaugarrien arabera moldatzen dute beren lana.

Zentroa erabiltzeko ez da behar aurretik salaketarik aurkeztea, ezta paperak izatea ere. Ahalegina egin duzue traba administratiboak bidetik kentzeko?

Berariaz hartutako erabakia da, bai, baina hori horrela da indarkeria matxistaren aurkako gainerako zerbitzuetan ere. Halako kasuetan, bidea erraztu behar diegu emakumeei, ez oztopo gehiago jarri. Sexu eraso bat sufritu duen bati ez diogu arta eskainiko paperik ez duelako? Edo ez duelako salaketa aurkeztu nahi izan? Emakume batek ehunka motibo izan ditzake salaketarik ez aurkezteko: beldurragatik, bere egoera pertsonalagatik, babes sarerik ez dutelako edo, besterik gabe, ez dutelako Polizia maite. Arrazoi horiek guztiak errespetatu behar ditugu, eta arreta berdin-berdin eskaini.

Zentroaren aurkezpenean esan zenuten salaketak icebergaren tontorra baino ez direla...

Hala da. Salaketek ez dute islatzen indarkeria kasu kopurua. Indarkeria matxista askoz harago doa, batez ere sexu indarkeriaz ari bagara. Estatuan egin diren azken ikerketen arabera, indarkeria matxista kasuen erdiak baino gutxiago salatzen dira; eta sexu erasoen artean, are gutxiago: kasu guztien %10 inguru.

Zergatik gertatzen da hori?

Emakumeok errazago identifikatzen ditugulako indarkeria fisikoa edo psikologikoa, baina ez sexu indarkeria. Naturalizatua eta normaldua dugu. Batetik, sexuarekin lotutakoa tabua delako oraindik, eta, bestetik, askok uste dutenaren kontrara, sexu indarkeria kasu asko gertatzen direlako bikote harremanetan edo familia barruan. Eremu pribatuan, alegia.

Zentro hau aitzindaria dela aipatu duzue. Nabari da Berdintasun Institutuak azken hamarkadan eginiko lana?

Nafarroan, bide luzea egin dugu berdintasunaren esparruan, eta askotan ez zaio lan horri behar besteko garrantzirik aitortzen. Baliabide espezifikoak ditugu, lurralde osoa hartzen duten zentroak, koordinazio protokoloak udaletan eta foru administrazioan, instituzioen arteko akordioak, 14/2015 foru legea, formakuntza planak...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.