Sexu eraso bat salatu dute Santurtziko jaietan

Erasoa atzo goizaldean izan zen. Gainera, Gasteizen hiru gizon atxilotu dituzte, indarkeria matxista egotzita.

Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea, Santurtzin, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea, Santurtzin, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko uztailaren 15a
09:59
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, emakume batek salatu du Santurtziko jaietan (Bizkaia) sexu eraso bat egin diotela. Erasoa atzo goizaldean izan zen. Ez dute erasoaren inguruko xehetasunik eman; Ertzaintza zer gertatu den ikertzen ari da.

Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak hizpide izan du erasoa, kazetariek egindako galderei erantzunez. Baieztatu du Ertzaintzak ikerketa bat zabaldua duela, eta espero du baliagarria izango dela zer gertatu den argitzeko. Halaber, gogorarazi du emakumeen aurkako erasoak giza eskubideen urraketak direla, eta oinarrizko eskubideak urratu dizkiotela iruditzen zaion orori eskatu dio salaketa jartzeko, «hori baita modu bakarra zer gertatu den jakiteko».

Ez da azkenaldian gertatutako eraso matxista bakarra. Gasteizen hiru gizonezko atxilotu dituzte asteburuan, bortxa matxista egotzita. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, igande goizaldean izan zen atxiloketetako bat. 24 urteko gizonezko bat da atxilotua; eztabaida batean bikotekidea jotzea egotzi diote. Bigarren atxiloketari dagokionez, hura ere igande goizaldean izan zen. Emakume batek laguntza eskatu zuen, bikotekideak eraso egin ziolako, eta etxetik bota. Gizonezkoa atxilotu egin zuten. Azkenik, atzo arratsaldean 31 urteko beste gizon bat atxilotu zuten, urruntze agindua haustea leporatuta.

Beste atxilotu bat Iruñean

Iruñean, berriz, epaile batek agindu du gizon bat espetxeratzeko, astebetean hiru aldiz urratu baitu bikotekide ohiarenagana ez gerturatzeko agindua.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, gizonezkoari sei hilabeteko espetxe zigorra jarri zioten uztailaren 4an, eta 2025eko urriaren 26ra arte debekatuta zuen bikotekide ohiarekin komunikatzea eta harengana hurreratzea. Alabaina, hiru aldiz urratu du agindua.

Uztailaren 6an, emakumea lagun batzuekin zegoen, eta horietako batek abisatu zion gizona hura grabatzen ari zela handik metro batzuetara. Gainera, gerturatu egin zen, eta bien semeagatik galdetu zion emakumeari. Handik hiru egunera, Whatsappetik mezu bat bidali zion. Eta hilaren 11n, emakumeak lan egiten duen tabernara joan zen, eta atarian egon zen, autoan sartuta, emakumeak Poliziari deitu zion arte.

Horregatik guztiagatik, ostiralean epaitu egin zuten gizona, eta egozten zizkioten ekintza guztiak onartu zituen.

Halaber, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Arabako Auzitegiak gizon bati jarritako hamalau urteko espetxe zigorra, alabari zortzi urtean sexu erasoak egiteagatik. Umeari 6 urte zituenetik egin zion eraso. Epaitegiak ebatzi du biktimak gertatutakoari buruz egindako kontakizuna «sinesgarria» dela, «koherentea, zehatza eta argia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.