Aurpegia estalia zuen gizon batek eraso egin zion emakume bati Ibarrako festetatik etxerako bidean, Tolosan (Gipuzkoa), igande goizean. Emakumeak bere burua defendatu zuen, eta erasotzaileak ihes egin zuen. Hala salatu du erasoa pairatu duen emakumeak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Igandean egin zuten emakumeari babesa emateko elkarretaratzea, Ibarran. Herriko kuadrillek egin zuten, eta udalak eta festa batzordeak agiri bat aurkeztu zuten ekitaldiaren ostean. «Hamaika neurri har ditzakegu erasoen aurka, baina jatorriari ekin gabe, ez da indarkeria sexista amaituko», adierazi dute agirian. Udalaren eta festa batzordearen aburuz, «matxismoa» eta «gizarte patriarkal eta kapitalista» dira arazoaren oinarria. Beraz, asteburuan gertaturiko erasoaren antzekoak eteteko modu bakarra ideologia horiek amaitzea da, haien hitzetan. Erantsi dute erasoa ez dela «kasu bakan bat», horrelakoen berri «ia egunero» izaten baita. Tolosako Udalak, berriz, erasoa «gogor» salatu du, eta erasoa izan denaren familiari elkartasuna adierazi dio. Genero indarkeria «gizarte guztiaren» arazoa dela esan du. Ertzaintza sexu erasoa ikertzen ari da; oraingoz, ez du beste daturik eman.
Bestalde, Iruñean gizon bat atxilotu dute ustez larunbat gauean emakume bati sexu eraso bat egiteagatik. Iruñeko udaltzainen esku dago kasua.
Sexu eraso bat gaitzetsi dute Ibarrako festetan
Ibarrako kuadrillek elkarretaratze bat egin dute; udalak eta festa batzordeak «gogor» salatu dute gertaturikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu