Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, sexu bidez kutsatzen diren gaitzik ohikoenek gora egin dute azken lau urteetan. Zehazki, klamidia gaitzaren infekzio tasa 100.000 biztanleko 106,9 kasukoa izan zen iaz, eta 57,5 kasukoa zen 2020an. Jaurlaritzak ohartarazi du 25 urtetik beherako gazteak «bereziki zaurgarriak» direla: 100.000 biztanleko 528 kasu atzeman ziren iaz.
Hiesaren eta STI Sexu Transmisiozko Infekzioen planaren memoriaren barruan jaso dituzte datuok. Zehazki, iragan urtean Osakidetzaren sexu-transmisiozko infekzioen kontsulta espezifikoetan bildutako datuen arabera, 1.484 klamidia kasu diagnostikatu zituzten, 1.109 gonorrea eta 274 sifilis kasu.
Osakidetzaren Informazio Mikrobiologikoko Sistemaren arabera, kasu kopurua handitu egin da azken hamarkadan, eta, bereziki, azken lau urteetan. Batik bat klamidia eta gonorrearekin handitu da infekzio tasa. Gonorreari dagokionez, 100.000 biztanleko 27,55 kasu atzeman ziren 2020an, eta 79 iaz. Klamidiaren infekzio tasak, berriz, handiagoak izan ziren gizonen kasuan (117,8) eta 20-24 urteko (527,9) eta 25-34 urteko (408,8) adin taldeetan.
Nafarroan ere goranzko joera hori detektatu du Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak, 2016tik 2022ra arteko datuak aintzat hartuta. Institutu horren arabera, egunero hiru kasu detektatzen dituzte. Gorakada batik bat 35 urtetik beherako adin tartean izan da, eta gizonezkoen artean batezbestekoa handiagoa da. Dena den, igoera hori «dagokion testuinguruan» jarri behar dela uste du GIB birusa duten pertsonen babeserako Sare elkarteak. Izan ere, proben kopurua handitu egin da. Nafarroan, iaz, 840 kasu atzeman ziren, kasurako. «Kontua da Nafarroan klamidiaren proba egiten hasi garela lehen zitologiarekin batera».
Kanpaina eskoletan
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arabera, sexu bidez kutsatzen diren infekzioak «munduko osasun arazo» bihurtu dira, eta, horri aurre egiteko, «funtsezkoa» da prestakuntza. Hiesa eragiten duen GIB birusa, sexu transmisio bidezko beste gaitzak eta nahi gabeko haurdunaldia prebenitzeko programa egin du ikasturte honetan, 141 ikastetxetan. 14.200 ikaslek parte hartu dute. Aurreko ikasturtean, berriz, 9.600 ikasleri eman zioten informazioa. Hurrengo ikasturteari begira, programa berritu eta hobetu nahi du Jaurlaritzak.
Gainera, Ez egin 'matcha' STIrekin lelopean herritar guztientzako kanpaina bat egin zuen iaz, bereziki gazteei begirakoa. Uda honetan berriro egingo du. «Helburua da sexu transmisiozko infekzioak ikusaraztea, batzuetan sintomarik gabe sendatzen direla transmititzea eta preserbatiboa babesteko modurik onena dela gogoraraztea».
134GIB kasuen kopurua. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 134 herritarri atzeman zitzaien GIB birusa dutela, 2022an baino zazpiri gehiagori. Diagnostikoen %12,7 25 urtetik beherako gazteenak dira. Tratamenduen ondorioz, hiesa agertzea atzeratu egiten da, eta iaz hamasei hies kasu atzeman ziren. Egun, 6.351 pertsonak hartzen dute tratamendu erretrobirala.