Ikastetxe Erlijiosoetako Sexu Abusuen Biktimen Elkarteak eginiko salaketen harira, 14/2022 Foru Legea onartu zuen Nafarroako Legebiltzarrak, eta bide eman zion biktimak identifikatzeko eta aitortzeko prozesu publiko bati. Garai hartan, Nafarroako Gobernuko Justizia kontseilari zen Eduardo Santos Itoiz (Iruñea, 1973) eta bertatik bertara ezagutu zuen prozesu osoa. Esperientzia hori guztia bildu du Justicia restaurativa y víctimas de pederastia en el ámbito de la Iglesia católica liburuan (Justizia errestauratiboa eta pederastiaren biktimak Eliza katolikoaren esparruan).
Ikastetxe erlijiosoetako sexu abusuena auzi konplexua da. Zeri erreparatu diozu liburuan?
Sei urte igaro dira Nafarroan lehen kasuak azaleratu zirenetik: Jose Luis Perezek SER irrati katean kontatu zuen Garesko Erreparaziokoen ikastetxean pairatu zituen abusuak, eta Jesus Zudaireren testigantza ere orduantxe ezagutu genuen. Gauza asko gertatu dira ordutik, eta liburuan saiatu naiz horiek guztiak biltzen.
Badirudi orain arteko isiltasun errezela altxatzen ari dela pixkanaka. Horretarako balio dute zurea bezalako liburuek?
Bai, eta bide beretik doa, adibidez, Iratxe Perez Barandallaren Todos lo sabían dokumentala ere. Finean, egia azaleratzea prozesu bat da: txinparta batekin hasten da, eta, kasu honetan, biktimen lekukotzak izan ziren pizgarri hori. Hortik aurrera, beren bidea egin ohi dute auziek. Salaketa pertsonala zena prozesu politiko bihurtzen da. Eta prozesu hori ez da amaitu.
Ez?
Nafarroan, 14/2022 Foru Legea mugarria izan zen, lehen aldiz aitortza publikoa egin baitzitzaion Eliza katolikoaren barruan gertatutakoari eta sexu abusu horien biktimei. Lege horren ondorioz, batzorde bat eratu zen biktimen zerrenda egiteko, eta hori ere garrantzitsua izan zen. Eta orain, badirudi Eliza mugitzen hasia dela eta prest dagoela gertatutakoa publikoki onartzeko eta administrazioak biktimatzat jo zituen horiei ordaina emateko. Urrats horiek guztiak mugarriak izan dira, baina bidea ez da hor bukatuko. Justizia errestauratiboa bideratzea falta da. Funtsean, biktimak banaka hartzea eta galdetzea: zer behar duzu?
Nafarroako Artzapezpikutza prest azaldu da kalte ordain ekonomikoak pagatzeko. Nahikoa al da?
Dirua ematea ongi dago, baina ez da erantzun bakarra. Are, esanen nuke kasu gehienetan konponbide nagusia ez dela ekonomikoa. Biktima askorentzat, kalte ordaina gutxienekoa da. Auzi honi buruzko edozein txosten irakurtzea nahikoa da hori ikusteko; biktimen lehentasunen artean, ordain ekonomikoa azken postuan dago. Gehienek nahi dutena da gizarteak aitor dezala biktimak izan zirela: isiltasuna apurtzea, alegia. Edonola ere, konponbide egoki bat bilatu nahi badugu, ezinbestekoa da haiekin egotea, hitz egitea eta, batez ere, entzutea. Biktimek esan dezatela zer behar duten beren mina apaltzeko eta benetako erreparazioa lortzeko.
Zer egin behar luke Eliza katolikoak orain?
Ardura hartu behar luke. Publikoki adierazi behar luke biktima horiek guztiak bereak direla: Elizaren biktimak. Ez baitugu ahaztu behar erasotzaileak Eliza katolikoaren parte zirela, eta, hortaz, biktimak ere haienak dira. Horrez gain, Elizak parte hartu behar luke erreparaziorako prozesu publikoan. Nafarroan, urrats garrantzitsu batzuk egin dituzte gotzainek bide horretan. Ez dakit urrats horiek beren kabuz egin dituzten, konpromiso hutsagatik, ala erakunde publikoek nolabait behartuta, baina berdin zait: urratsa egin dute biktimak aitortzeko eta gertatutakoa argitzeko, eta hori da garrantzitsuena.
Orain arte, biktimak aitzindari izan dira abusuen gaia azaleratzen, eta erakundeak atzetik ibili dira...
Zuk aipatutako bi eragile horien artean, nik hirugarren bat gehituko nuke: hedabideak. Prozesu honetan, komunikabideen rola oso garrantzitsua izan da egia azaleratzeko tenorean. Ahotsa eman diezue biktimei, eta horri esker sartu zen abusuen auzia agenda politikoan. Hori esanda, uste dut Nafarroan zabaldutako prozesua emankorra izan dela, eta lortu genuela Eliza pixkanaka inplikatzea. Espainiako Estatu mailan, aldiz, pauso gehiago eman beharko lituzkete erakunde publikoek eta, batez ere, Eliza katolikoak.