Bilboko Elizbarrutiak sexu abusuen auzian Elizak duen erantzukizuna aitortu eta gutxira, kasu gehiago atera dira argitara. Oraingoan, EITB taldeak eman du albistea: horren arabera, 1976tik 1981era Bermeon (Bizkaia) sexu abusuak pairatu zituzten Jose Done ikastetxeko zenbait ikaslek. Menesiarrek kudeatzen zuten eskola hori, eta sexu abusuak egiteaz akusatutakoa eskolako zuzendaria izan zen garai hartan.
Hain zuzen, bi emakumeren testigantza eman du EITBk albistegietan. Diotenez, gertatutakoaren berri izan zutenean, senitartekoek ikastetxeko zuzendariarekin hitz egin zuten, eta herritik alde egiteko exijitu zioten; bestela, haren kontrako salaketa jarriko zuten. Akusatuak oraindik bi urte egin zituen Bermeoko eskola horretako zuzendaritzan, baina, gero, herritik joan zen, Bilboko Berrio-Otxoa ikastetxera.
Testigantza eman duten bi emakumeak ziur daude gehiagok pairatu zituztela ikastetxeko zuzendariaren erasoak. [email protected] helbide elektronikoa prestatu dute, ikastetxe hartan sexu abusuak pairatu dituzten guztiek aukera izan dezaten gertatutakoa salatzeko, hala nahi izanez gero.
Bilboko Elizbarrutiak sexu abusuen auziaz agiri bat plazaratu eta gutxira azaleratu dira salaketa horiek. Izan ere, Bizkaiko Elizak bere erantzukizuna onartu du sexu abusuen aferan, eta jakinarazi du Bilboko Elizbarrutiak 2019an sortutako batzordeak hogei salaketa jaso dituela orain arte. Salaketa horietatik seik apaizei eragiten diete.
Joan den asteburuan, Bilboko Elizbarrutiaren ohar bat irakurri zuten Bizkaian egindako meza guztietan. Agiri horretan, Bizkaiko Elizak, aztertzen ari den kasuen berri emateaz gain, bere erantzukizuna aitortu du, eta esan du zauriak itxi nahi dituela: «Zabaldutako arazo bat izateak ez digu kentzen gizartearen aurrean dugun betebehar morala».
Bilboko Elizbarrutiak aintzat hartu nahi ditu biktimak: «Biktimak entzun nahi ditugu, ikertu, kalteak erreparatu eta, batez ere, edozein abusu mota pairatu dutenen zauriak sendatu nahi ditugu, abusu horiek edonoiz gertatuta ere, jasandako mina ez baita iraungitzen».
Adingabeak Babesteko eta Sexu Abusuak Prebenitzeko Batzordea sortu zuen Elizbarrutiak 2019an, eta batzorde horrek hogei bat salaketa jaso ditu. Auzi horiek ikertzen ari dira, eta, zenbait kasutan, «kanpoko erakunde adituen laguntza» eskatu dute, «ikerketen independentzia handiagoa bermatzeko».
«Salaketek iraganetik ikasten laguntzen dute», esan du Bilboko Elizbarrutiak, «eta antidotorik onena da gertaera eskandalagarri horiek ezkutuan ez geratzea, eta berriro ez gertatzea».
Kanpo auditoretza
Espainiako Gotzainen Biltzarrak erabaki du abokatu bulego bat kontratatzea, kanpo auditoretza egin dezan Elizaren meneko erakundeetan izandako sexu abusuak ikertzeko.
Gotzainen Biltzarrak gaur emango ditu horren inguruko xehetasun gehiago, baina aurreratu dute bulegoak «bide independente» bat ezarriko duela salaketak jasotzeko, «delitu jarduerak zigortzeko asmoz» ireki litezkeen auzibideak aztertuko dituela, eta laguntza eskainiko diela agintariei, gertaerak argitu eta prebentzio sistemak indarrean jartzeko. «Afera honetan gizarteak egiten dituen eskaerei erantzutea» jarri du Gotzainen Biltzarrak xedetzat.
Sexu abusu gehiago salatu dituzte Elizaren meneko eskola batean
Biktima batzuek esan dutenez, abusuak 1976tik 1981era gertatu ziren, Bermeoko Jose Done ikastetxean. Bilboko Elizbarrutiak «gizartearen aurreko betebehar morala» aitortu du abusuen auzian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu