Sestaoko hilketa matxistaren aurka protesta egin dute ehunka pertsonak

Ordezkari politiko ugari batu dira deialdira. Gasteizko hilketaren ustezko egilea kartzelatu dute

Jendetza elkartu zen atzo Sestaon, hilketa matxista arbuiatzeko. A. LOIOLA / FOKU.
jon olano
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Ehunka herritar elkartu ziren atzo Sestaoko Kasko plazan, Bizkaian, ostiralean gertatutako hilketa matxista arbuiatzeko. Hamabost minutuko elkarretaratze isila egin zuten, eta bertara joandako txaloek eten zuten isiltasun hori. 56 urteko emakumea zen Conchi Gonzalez, eta Ertzaintzaren hipotesi nagusia da hilketa matxista bat izan dela. Izan ere, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, 57 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu zuten atzo goizaldean Bilboko itsasadarrean, Sestao parean, eta familiari haren heriotzaren berri ematera joan zirenean aurkitu zuten andrearen gorpua etxean, indarkeria zantzuak zituela. Bortizkeria matxistaren ondorioz 2003. urtetik hildako 109. emakumea da.

Ordezkari politiko ugari batu ziren mobilizaziora; besteak beste, Josu Bergara alkatea eta udal talde guztietako ordezkariak, Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daukan ordezkaria, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Teresa Laespada Berdintasun diputatua. «Tristura sentitu arren, ez dugu onartuko indarkeria matxistaren pozoia gure gizartean zabaltzea», nabarmendu du Itxasok. Bergarak, berriz, herritarrei esan die berdintasuna «egunero» lantzen dela «etxean, erakundeetan edota saltokietan», eta udalaren erronka dela berdintasun politikak indartzea.

Artolazabalek, berriz, herritarrei eskatu die adi jarraitzeko: «Guztiok hauteman ditzakegu indarkeria egoerak, eta erakundeok hainbat tresna gaituta ditugu emakume horiei laguntzeko. 900 840 111 telefonoa 24 orduz zabalik dago, eta baliabide egokia da egoera horiei aurre egiteko».

Ez zen protesta ekintza bakarra izan: leku berean mobilizazioa antolatu zuen Emari talde feministak, 18:00etan, Patriarkatua garaitzeko, estutu hortzak! lelopean. Emakumeen Mundu Martxak antolatuta, berriz, elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko Arriaga plazan, eta jendetza batu zen deialdi horretara ere. Gaur Donostiako Bulebarrean (13:30) elkartuko dira. Bihar, berriz, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egingo dute protesta (19:00), eta Iruñean, Udaletxe plazan (20:00).

Gasteizkoa, espetxera

Bestalde, epaileak espetxera bidali du asteazkenean 18 urteko gazte bat hiltzea leporatuta atxilotu zuten gizonezkoa. 27 urte ditu akusatuak, eta haren bikotekide ohiaren oraingo bikotekidea zen sastakatuta hildako gaztea. 27 urteko gizona asteazken arratsaldean atxilotu zuten, erasoa gertatu eta hiru bat ordura, eta gaur eraman dute epailearen aurrera, deklaratu zezan. Hark agindu du akusatua behin-behinean kartzelatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.