Sestaoko alkate Josu Bergararen (EAJ) aurkako salaketa bat aurkeztuko dute gaur herrian bizi diren zortzi pertsonak, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Ijitoak eta etorkinak baztertzen dituelakoan, prebarikazioa egotziko diote, arrazakeriaz jardun izana larrigarritzat hartuta. Bizkaiko SOS Arrazakeriaren aholkularitzaz jarriko dute salaketa kaltetuek. Etorkinen aurkako adierazpenak egitea ez ezik, neurri «diskriminatzaileak» hartzea ere egotzi dio elkarteak. Alkate baino lehen, Bizkaiko Aldundiko Berdintasun zuzendari izan zen Bergara. 11:30ean joango dira elkarteko kideak epaitegira.
Guar goizean salaketa jarriko da epaitegietan. 11,30 etan agerraldia egingo da komunikabideentzako barakaldoko epaitegien aurrean
— SOS Racismo Bizkaia (@sosracismobiz) May 22, 2014
Funtsean, ijitoak eta etorkinak ez erroldatzea egotzi diote alkateari. Salatzaileak ijito errumaniarrak dira: dokumentuan adierazi dute udalak ez dituela erroldan txertatu, eta ez diela horri buruzko azalpenik eman. Horrekin lotuta, alkatearen beste hainbat jardun jasotzen ditu salaketak. Testuaren arabera, iazko ekainean herriko hainbat higiezinen enpresetako jabeekin bildu zen Bergara, «Sestaoko bizilagun etorkin batzuei buruzko kezka» agertzeko, «segurtasuna eta ordena publikoa nahastera eta delituak egitera» etorri zirelakoan. Sendi horiek Sestaotik «botatzeko» laguntza eskatu zien ustez enpresoi, eta «protokoloren bat lantzea edota datu baseren edo tresnaren bat sortzea» proposatzera heldu zen.
Hain zuzen, bilera horietako baten grabazioa froga gisa aurkeztuko dute. Bergarak egindako honako adierazpen honek jaso ditu salaketak: «Segur aski jende atzerritar on asko dago [...], baina egin dezagun hautaketa minimo bat»; «Oso ijito on gutxi dago»; «Kaka guztia Sestaora? Ez, ez! Kaka jadanik ez da etorriko Sestaora; bestela, bota egingo dut nik; ni neu arduratuko naiz joan daitezen; ostiaka, noski!»; «Badakit gauzak pixka bat txarto egingo ditugula»; «[Legea] egunero hausten dut nik»; «Gai honetan sartu naiz, uste dudalako, zintzoki, udaletik kalte handia egin daitekeela».
Salaketaren arabera, Bergarak enpresei aitortu zien 40 erroldatze txosten dauzkala ebatzi gabe. Hartara, salatzaileen abokatuak ondorioztatu du Sestaoko Udalak ez dituela bete legez dauzkan eginbeharrak, herrian bizi diren atzerritarrak erroldatzeko beharra baitute udalek.
Era berean, idatziak jaso du Bergarak «pertsonalki» dei egin diela familia horiek alokatutako etxebizitzen jabeei, «bertan zein pertsona mota bizi den jakinarazteko, euren polizia txostenen berri emateko, eta ikaratzeko». Sestaoko bizikidetza ordenantzaren arabera, etxebizitza edo lonjetako jabeek beren gain hartu behar dituzte haietako bizilagunen «jarrera gizalegerik gabeak», alokairu kontratuan bestela zehaztu ezean. Etxeen jabeei deitu izana onartzen du Bergarak bideoan, transkripzioaren arabera.
Salaketa zortzi lagunek aurkeztu duten arren, kaltetuak «askoz gehiago» direla gaineratu du SOS Arrazakeriak: «Hainbatek Sestaotik alde egin dute, alkatearen neurrien ondorioz, beren duintasunean eta identitateetan eragin dielako auziak». Erantsi dute seme-alaben hezkuntzarekin kezkatuta agertu direla kaltea jasan dutenak, erroldatu ezean ezin baitituzte eskolatu.
Arartekoaren gomendioak
Gaiari buruzko bost gomendio egin dizkie EAEko Arartekoak Sestaoko Udalari eta alkateari. 2011n egin zuen lehengoa, hain justu, Josu Bergarak alkatetza hartu zuen urtean. Urte hartan gomendio bat egin zion; 2013an, hiru; eta aurten, bat. Hala diote Bergarari berariaz igorritako idatziek: «Erroldatzearen ukapenak bizilaguna helbide horretan bizi ez dela egiaztatu izana eduki behar du oinarri, eta ez du [...] beste kontuetan funtsatu behar —hala nola eztabaida juridiko-pribatuak, hirigintza, osasungarritasun arlokoak, eta abar—». Ukapena jakinarazi egin behar dela ere ohartarazi die Arartekoak.