Sestao eta Getxo trenez lau minutuan lotzeko proiektua iragarri dute

Urdaibaiko Guggenheimerako plana bost hilabete barru izatea espero dute. Zortzi zahar etxe egokituko dituzte. Klima aldaketaren aurrean neurririk ez hartzea egotzi diote Rementeriari

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Batzar Nagusiko osoko bileran, atzo. JAIZKI FONTANEDA/FOKU.
Mikel Garcia - Gurutze Izagirre
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hiru iragarpen nagusi egin ditu Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Bizkaiko politika orokorreko bere azken hitzaldian, Gernikako juntetxean. Bata, Bilboko metroko lehen eta bigarren lineak lotuko dituzte itsasadarraren azpitik egingo duten tunel baten bidez. Bigarrena, Urdaibain Guggenheim museoa sustatzeko planari bultzada emango diote. Hirugarrena, zortzi zahar etxe egokitu eta bi berri irekitzeko asmoa dute.

Rementeriak politika orokorreko azken mintzaldia egin du,aurreko astean iragarri baitzuen ez zela berriz aurkeztuko kargura. EAJren BBBk Elixabete Etxanobe proposatu du 2023ko foru hauteskundeetarako diputatugai nagusi gisa.

Azpiegiturekin lotutako lanak izan dira Rementeriaren iragarpen nagusiak. Hasieran ibilgailuentzako tunela izatekoa zena metroarena ere izango da. Metroaren 1. eta 2. lineak lotu asmo dituzte Sestaoko eta Areetako geltokien artean. Uste da egunean 5.000 lagun inguruk erabiliko dutela, eta ia hogei minutu gutxiago beharko direla geltoki batetik bestera heltzeko San Inazion zehar. Gaur egun, 25 minutu izaten dira, eta amaitutakoan lau inguru izango direla esan du. 2028rako prest egotea espero du.

185 milioi euroko gainkostua aurreikusten dute, eta guztira 600 milioiko aurrekontua izango du obra horrek. Rementeriaren ustez, «guztiz beharrezkoa da»: «Bizkaiko saihesbide handia izango da Hegoaldeko saihesbidearekin batera, eta Arrontegiko zubiaren alternatiba, egunero 155.000 ibilgailu igarotzen baitira bertatik». Esan duenez, zubitik 51.000 ibilgailu pasatuko dira lanegunetan, 18.000 ibilgailu kenduko ditu Artatzatik, 14.000 Max Centerren zuzenetik, eta 35.000 Arrontegiko zubitik.

Galdakaora metroa iristeko obren finantzaketaren akordioa urrian sinatuko da, eta obraren hiru zati lizitatuko dira.

Gernikako Guggenheim museorako sustapen lanen berri ere eman du. Arkitektura, ingurumen eta paisaia planaren oinarriak lantzeko, «ospe handiko» nazioarteko talde bat kontratatuko dute. «Espero dugu bost hilabete barru prest izatea plana. Aldi horretan, Espainiako Gobernuarekin hitzartutako 40 milioiko ekarpena ziurtatu behar dugu. Gainera, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jarraitu behar dugu, ingurumenaren arloan, eredu jasangarria ezartzeko eta Urdaibaiko erreserba zaintzeko».

Zaintza politikak

Azkenik, Rementeriak iragarri du elkarbizitza unitateak eratuko dituztela, eta Zamudioko egoitzarekin hasiko direla. 868 plaza gehiago iragarri ditu: «Eraldaketa horren ondorioz, 243 leku gutxiago egongo dira zentro horietan, baina bi zentro berri zabalduko dira leku gehien beharko diren tokietan: Sestaon eta Durangaldean».

Zaintza politikak direla-eta kritikatu dute Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk. Eneritz de Madariaga Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak salatu du Foru Aldundiko politikek zaintza sistema publikoa «indartzeko» ideia «saihestu» dutela, pribatu eta publikoaren arteko dikotomiara joz bide bakar gisa. Nagusien zaintza irabazi asmoa dutenen eskuetan uztea «erabaki okerra» dela adierazi du. EH Bilduko bozeramaileak, Bea Ilardiak, egoitzetako emakume langileen grebak ekarri ditu gogora.

Klima aldaketa hizpide

Krisi klimatikoari aurre egiteko neurriak ere eztabaidagai izan dira Gernikako juntetxean. Izan ere, zenbait alderdik Rementeriaren gobernua kritikatu dute ez duelako neurririk hartu. Bea Ilardiak baieztatu du klima aldaketari aurre egiteko premiazkoa dela «neurri ausartak eta egiturazkoak» hartzea, eta diputatu nagusiak krisi energetikoari lotutako gai nagusien aurrean izandako «isiltasuna» salatu du.

Bide beretik jo dute Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk. Eneritz de Madariagaren ustez, klima aldaketaren aurka egiteko «plan» bat behar da, diputazioa «hasiera-hasieratik ezkutatuta» egon delako. PSE-EEko Juan Oterminek adierazi du «zaila» dela bizkaitarren arazoei aurre egitea. «Europa osoa hartzen duten erabakiak ezin dira alde batera utzi, Bizkaia ez delako mundutik at dagoen uharte bat», gehitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.