Euskara

Sesma Iruñeko Hezkuntza zinegotziak zalantzan jarri du euskara iruindarren hizkuntza izan dela

Navarra Sumak euskarari buruzko aipamenak aldatu nahi ditu 'Iruña ezagutzen' eskola programan.

Fernando Sesma, 2018an Ciudadanosen egoitzan. BERRIA
Berria
2020ko urtarrilaren 15a
09:36
Entzun

Iruña ezagutu programa Iruñeko Udaleko Hezkuntza departamentuak sustatutako egitasmo bat da, eta, haren bitartez, ikastetxe publikoetako zein itunpekoetako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei hiriaren historia, bilakaera eta egitura ezagutarazi nahi zaie. Iruñeko ondare historikoaren garrantzia eta haren kontserbazioaren beharra azpimarratzeaz gain, hiriaren historia, bilakaera eta etorkizunaren nondik norakoak ezagutzeko aukera ere ematen die ikasleei. Atzo, EH Bilduk programa horren garapenari buruzko azalpenak eskatu zizkion Fernando Sesma Hezkuntza zinegotziari, Herritarren Aferen Batzordean. Sesma Ciudadanoseko zinegotzi bakarra da, Navarra Suma koalizioaren barruan dago, eta EH Bilduk egindako eskariari jarraikiz azalpenak eman zituen batzordean. Sesmak iragarri zuen programa horretan jasotzen diren «hainbat datu historiko berraztertuko» dituztela; besteak beste, 1512. urteko konkista eta euskarari buruzko aipamenak. Hain justu, zalantzan jarri zuen euskara iruindarren hizkuntza izan dela hainbat mendetatik hona, eskola programak jasotzen duen moduan.

Hori hala, Sesmak jakinarazi zuen programan aldaketak egingo dituela eta eduki berriak sartuko dituela. Besteak beste, aipatu zuen garai hispaniar-erromatarra eta hispaniar-bisigodoari buruzko aipamenak gehituko dizkiola programari, eta baita Ignazio Loiolakoak Iruñeko batailan egindako ekarpenari buruzkoak ere.  Ez zuen zehaztu aldaketok noizko izango dituen prest.

Agerraldian, Hezkuntza zinegotziak gogor jo zuen eskola programaren edukiaren aurka: «Testu honek aurkezten zuen kontakizuna onartezina zen, eta ezinbestekoa zen haren eduki historikoa berraztertzea. Baskoiak eta euskara nabarmentzen zituen soilik, eta Gaztela eta Espainia etsaien bandoan jartzen zituen, Amaiurko batailan bezala».

Oposizioko taldeek kritikak egin zizkioten Sesmaren iragarpenari. EH Bilduko Maider Belokik Navarra Sumari egotzi zion «gai identitarioak» lehenestea eta baskoiekin eta euskararekin «tematuta» egotea. «Zuentzat euskara eta baskoiak sobera daude, eta, gustuko ez dituzuenez, historiatik ezabatu nahi dituzue». Gainera, Belokik «oso larritzat» jo zuen Sesmak iragarritako «garbiketa».
Geroa Baiko Patxi Leuzak ere bide beretik jo zuen kritiketan. Haren ustez, Navarra Sumaren helburu bakarra da euskararekin lotutako guztia «desagerraraztea». PSNko Maite Esporrinek kontsentsua eskatu zuen programaren edukiak adosteko, eta «zentzugabekeriatzat» jo zuen programaren edukiak legealdi bakoitzean aldatzen egotea.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.