Martxoaren 3ko sarraskia

Servinik Martin Villaren inguruko informazioa eskatu dio Espainiari

Ekintza errepresiboei aurre egiteko neurrien inguruan galdetu du. Gasteizko epaitegiak uko egin dio Martxoaren 3ko gertaerak ikertzeari.

Martin Villa, Forum Europaren ekitaldi batean, urtarrilean. FERNANDO ALVARADO / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko martxoaren 16a
11:28
Entzun

Ceaqua Argentinako kereilaren babeserako koordinakundeak jakinarazi duenez, herrialde hartako Ganbera Kriminal Federaleko epaile Maria Servinik hainbat erreguzko eskaera egin dizkio Espainiako Estatuari. Epailearen asmoa da Espainiako ministro ohi Rodolfo Martin Villak izan dezakeen ardura penala indartzeko froga gehiago biltzea.

Servini epailearen informazio eskaerak 1976 eta 1978 artean Espainiako Gobernuak hartutako erabakien ingurukoak dira. Besteak beste, «eskuin muturreko taldeen ekintzei eta ordena publikoko indarren ekintza errepresiboei» aurre egiteko ezarri ziren neurrien berri emateko eskatu du, baita garaiko agintariek, tartean Martin Villak, manifestazioak eta protestak sakabanatzeko eta armak erabiltzeko emandako zuzentarauen berri emateko ere.

Argentinako auzitegia 1976 eta 1979 urteen artean eginiko krimenetan Martin Villak izan zezakeen ardura ikertzen ari da. Denera, hamabi hilketetan izan zezakeen arduragatik inputatuta dago hura. Orain arte, ordea, Espainiako justiziak uko egin dio epailearen eskaerei erantzuteari, argudiatuta ministro ohiari egozten zaizkion delituak preskribatuta daudela, eta gizateriaren aurkako krimenen tipifikazioa gertaera haiek jazo ondoren txertatu zela Espainiako legedian; 2004an gehitu zuten Espainiako Zigor Kodera.

Argudio berdinekin, Gasteizko Instrukzioko 4. Epaitegiak artxibatu egin du UP Unidas Podemosek Espainiako ministro ohi Rodolfo Martin Villaren aurka urtarrilean aurkeztutako salaketa. Koalizioak eskatu zuen Martin Villak 1976ko Martxoaren 3ko sarraskian izan zuen ardura ikertzeko, baina, epaitegiaren arabera, legez ez da posible ekintza hura ikertzea.

UPko diputatu eta Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Pilar Garridoren esanetan, «oso albiste txarra» da epaitegiaren erabakia, «beste behin argi uzten duelako frankismoaren krimen larriak zigor gabe geratzen direla». Juantxo Lopez de Uralde diputatuak, berriz, «ulertezintzat» jo du 46 urte geroago ez egotea Martxoaren 3ko gertaerengatik zigortutako arduradunik. Hala, ebazpenari errekurtsoa jarriko diotela iragarri dute. «Auzitegietan borrokatzen jarraituko dugu», gehitu du Garridok.

Salaketa Martin Villak urte hasieran eginiko adierazpenen ondorio izan zen. Forum Europan eginiko hitzaldian, ministro ohiak aitortu zuen Martxoaren 3ko hilketen «erantzule politiko eta penala» izan litekeela.

Zigor Kodea

Roberto Uriarte diputatuak atzo Espainiako Kongresuak hartutako erabakia izan du hizpide. Talde abertzaleek Zigor Kodeari artikulu berri bat txertatzeko lege proposamena aurkeztu zuten, nazioarteko legedian jasotako krimenen —genozidio, gerra krimen, gizateriaren aurkako...— kasuan atzeraezintasuna ez aplikatzeko. Haien esanetan, Espainiak, nazioarteko hitzarmenak onartzearekin batera, halako krimenak jazartzeko ardura hartu zuen, nahiz eta halakoak egin zirenean barne legedian araututa ez egon. Bestelako ikuspegi bat dute, baina, PSOEk eta eskuin unionistak, eta proposamena kontuan hartzearen aurka egin zuten.

Zigor Kodearen aldaketa memoria demokratikoaren aldeko taldeen eskaera nagusietako bat da. Hala berretsi zuten atzo Ceaqua Argentinako kereilaren babeserako koordinakundeak eta Amnesty Internationalek, Kongresuaren aurrean eginiko agerraldian. Horrekin batera, 1977ko Amnistia Legea moldatuko duen memoria demokratikorako lege baten beharra ere nabarmendu zuten.

Memoria Demokratikorako Ministerioak iaz aurkeztu zuen Memoria Demokratikorako lege proiektua, eta hari 30 zuzenketa txertatzea adostu zuten PSOEk eta UPk azaroan. Besteak beste, Amnistia Legea Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren pean interpretatzeko eta aplikatzeko betebeharra adierazi zuten, baina ez hura indargabetu edo moldatzekoa. Erabakiaren aurrean kritiko agertu ziren talde independentistak, eta, babes falta dela medio, tramitazioak hilabeteak daramatza izoztuta.

Martxoaren 3ko sarraskiaren gaineko ikerketak ez du biderik ireki Espainiako epaitegietan, baina lehen urrats bat egin du Kongresuan. Erakundeko mahaiak atzo onartu zuen afera ikertzeko batzorde bat sortzeko aukera. Azken erabakia, ordea, Bozeramaileen Batzordeak izango du. EH Bilduk eta ERCk egin zuten batzordea sortzeko proposamena. Besteak beste, bi alderdiek eskatu zuten sarraskiaren inguruko xehetasunak emateko eta «ekintzen arduradunek izandako inplikazioa eta erantzukizuna» zein izan zen ikertzeko eta ezagutarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.