Ceaqua Argentinako kereilaren babeserako koordinakundeak jakinarazi duenez, herrialde hartako Ganbera Kriminal Federaleko epaile Maria Servinik erreguzko hainbat eskaera egin dizkio Espainiako Estatuari. Epailearen asmoa da Espainiako ministro ohi Rodolfo Martin Villak izan dezakeen ardura penala indartzeko froga gehiago biltzea.
Servini epailearen informazio eskaerak 1976 eta 1978 artean Espainiako Gobernuak hartutako erabakien ingurukoak dira. Besteak beste, «eskuin muturreko taldeen ekintzei eta ordena publikoko indarren ekintza errepresiboei» aurre egiteko ezarri ziren neurrien berri emateko eskatu du, baita garai hartako agintariek, tartean Martin Villa, manifestazioak eta protestak sakabanatzeko eta armak erabiltzeko emandako zuzentarauen berri emateko ere.
Servini epailea 1976 eta 1979 urteen artean eginiko krimenetan Martin Villak izan zezakeen ardura ikertzen ari da. Denera hamabi hilketatan izan zezakeen arduragatik inputatuta dago hura. Orain arte, ordea, Espainiako justiziak uko egin dio epailearen eskaerei erantzuteari, argudiatuta ministro ohiari egozten zaizkion delituak preskribatuta daudela, eta gizateriaren aurkako krimenen tipifikazioa gertaera haiek jazo ondoren txertatu zela Espainiako legedian.
Argudio berak erabilita, Gasteizko Instrukzioko 4. Epaitegiak artxibatu egin du Unidas Podemosek Martin Villaren aurka urtarrilean aurkeztutako salaketa. Koalizioak eskatu zuen Martin Villak 1976ko martxoaren 3ko sarraskian izan zuen ardura ikertzeko, baina, epaitegiaren arabera, legez ez da posible. Koalizioak iragarri du ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztuko duela.
Servinik Martin Villaren inguruko informazioa eskatu dio Espainiari
Ekintza errepresiboei aurre egiteko neurrien inguruan galdetu du. Gasteizko epaitegiak uko egin dio Martxoaren 3ko gertaerak ikertzeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu