Servinik Espainian galdekatuko du Martin Villa, martxoaren 20an

Ikerketa faseko deklarazioa izango da, eta auzipetutako beste lagun batzuk ere itaunduko ditu

Maria Servini epailearen esku dago Argentinako kereila. Irudian, Servini, Buenos Airesen, 2017ko irailean. DAVID FERNANDEZ / EFE.
edurne begiristain
Gasteiz
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Martxoaren erdialdean Espainiara bidaiatuko du Maria Servini epaile argentinarrak, Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohia galdekatzeko. Frankismoko krimenak ikertzen ari da Servini epailea, biktimek Argentinan jarritako kereilaren harira, eta horrekin lotuta hartuko dio deklarazioa Martin Villari. Beste auzipetu batzuk ere galdekatuko ditu. Ikerketa faseko deklarazioa izango da, eta epaileak ondoren erabakiko du epaibidera igorri ala ez.

Hainbatetan atzeratu da Martin Villak justiziarekin zuen hitzordua. Azkenekoz, joan den abenduaren 11n: deklaratzeko eguna zuen Argentinako Auzitegi Nazional Kriminal eta Korrekzionalean, baina azkenean martxora atzeratu zuten. Servinik, azkenik, galdeketa Madrilen egitea erabaki du. Argentinako enbaxadan itaunduko du Martin Villa, martxoaren 20an. Espainiako Barne ministro ohia ez ezik, Argentinako kereilaren barruan auzipetuta dauden beste lagun batzuk galdekatzeko ere baliatuko du bidaia epaileak. Argentinako kereila ikertzen duen funtzionario talde batekin joango da Madrilera itaunketak egitera.

Hainbat aldiz atzeratuta

2014ko urrian inputatu zuten Martin Villa aurrenekoz Argentinan, eta Servini epaileak behin baino gehiagotan egin dio estradizio eskaera Espainiari. Espainiako ministroen kontseiluak atzera bota zuen horietako bat, 2015eko martxoan, eta auzitegiek ere jarrera bera izan dute ondoren. Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen Servinik ez duela eskumenik Espainian egindako ustezko delituengatik Martin Villa galdekatzeko. Gainera, argudiatu zuen delitu horiek preskribatu egin dutela eta 1978ko Amnistia Legea indarrean dagoela.

Gizateriaren aurkako krimenak egotzi dizkiote Martin Villari Martxoaren 3ko gertaerengatik. Baina, horiez gain, 1977ko amnistiaren aldeko astearekin lotutako krimenak eta bestelako batzuk ere leporatzen dizkiote, Argentinako kereilaren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.