Servini epailearen galdeketak egiteko eskabidea ez du bideratu Espainiak

Frankismoko krimenen kereilan auzipetutakoei galdeketak egin nahi dizkie asteotan; Justizia Ministerioak esan du eskea «aztertzen» ari dela

Frankismo krimenak ikertzen ari da Maria Servini epailea. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
2016ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Espainiara bidaiatzekoa zen Maria Servini epaile argentinarra astelehenean, baina atzeratu egin beharko du bidaia. Frankismoaren krimenak ikertzen ari den Argentiako kereilan auzipetuta dauden hemeretzi gizon galdekatzeko eskaera egin zion Servinik martxoaren 9an Espainiako Justizia Ministerioari. Eskaerarik ez du bideratu, ordea, ministerioak, eta, beraz, epaileak ezin du galdeketarik egin. Francoren garaiko gobernuko goi kargudunak eta segurtasun indarretako kideak galdekatu nahi ditu Servinik.

Giza eskubideen aldeko Espainiako APDHE elkarteak eta Argentinako kereila babesten duen CEAQUA koordinakundeak salatu dute Espainiako justizia ez dela betetzen ari Argentinak eta Espainiak 1987an sinatutako hitzarmena. Egiten ari direna «prebarikazio delitu bat» izan litekeela ohartarazi dute, eta, Servinik galdeketak egin ditzan, baimena «lehenbailehen» Auzitegi Nazionalera bidal dezatela galdegin dute.

AI Amnesty Internationalek ere bat egin du abokatuen eskaerarekin. Erakundeko Espainiako zuzendari Esteban Beltranek eskutitz bidez galdegin dio Rafael Catala Justizia ministroari Serviniren eskaerari erantzuteko: «Argentinak krimenak iker ditzan baimena eman behar dute agintariek, ustezko krimen egileak Espainian epaitu behar ez badira, behintzat. Baina halakorik ez da gertatuko, 40 urteren ondoren pausorik ez baita eman».

Justizia Ministerioko iturrien arabera, Servinik egindako eskaria «aztertzen» ari dira, «lankidetza ikuspegi batetik». Argentinako epaitegiak galdegindako eskariari erantzungo diola agindu du ministerioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.