Servini epaileak ez du artxibatuko Martin Villaren aurkako auzia

Espainiako Gobernazio ministro ohiak jarritako helegiteari erantzunez, magistratuak gogorarazi du gizateriaren aurkako krimenak «preskribaezinak» direla.

Martin Villa, artxiboko irudi batean. SANTI DONAIRE / EFE
Martin Villa, artxiboko irudi batean. SANTI DONAIRE / EFE
Ion Orzaiz.
2024ko irailaren 17a
17:00
Entzun

Maria Servini de Cubria epaileak ez du Rodolfo Martin Villaren izena kenduko frankismoaren aurkako kereila argentinarretik. Espainiako Gobernazio ministro izandakoaren defentsak helegitea aurkeztu zuen prozesu horren aurka, eta auzia artxibatzea galdegin zuen, argudiatuz delituak «preskribatuta» daudela, eta akusatuak ez dituztela epaitu «arrazoizko epe batean». Edonola ere, bere burua «errugabetzat» jo zuen Martin Villak helegitean.

Epaileak, baina, ezezkoa eman dio defentsaren eskaerari. Ebazpen batean, Servinik gogorarazi du Gobernazio ministro ohiari leporatzen zaizkionak «gizateriaren aurkako krimenak» izan daitezkeela, eta halakoak «preskribaezinak» direla.

Ceaquak, Argentinako kereilaren aldeko koordinakundeak, salatu du Martin Villari hamabi giza hilketa delitu egozten zaizkiola, «gizateriaren aurkako krimenen inguruabarrean». Harreman Sindikaletako, Gobernazio eta Barne ministro izan zen garaikoak dira delitu horiek, trantsizio deiturikoan gertatutakoak, alegia. Martin Villaren aurkako akusazioez gain, Argentinako kereilak 2.000 salaketa biltzen ditu frankismoko arduradunen aurka.

Martin Villaren abokatuak iragan uztailaren 12an aurkeztu zuen kereila horren aurkako helegitea, Argentinako 1. Zigor Auzitegian. Ministro ohiaren kontrako zigor auzibidea etetea, akusazio guztietatik errugabetzea eta auzi osoa baliogabetzea galdegin zuen errekurtso horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.