Egoera salatzeko, protesta egin zuten herenegun Hernaniko Gudarien plazan ehunka haur eta gurasok. Atzo, berriz, Serunionen janaria ez jateko deliberoa egin zuten haurren gurasoek. Ikasleek ogitartekoak eraman zituzten etxetik, bazkari garaian jangelan jateko.
Halaber, lelo hau zuen pankarta bat zabaldu zuten ikastetxeko hesi batean: «Jangela zerbitzu duina eta osasungarria gure haurrentzat».
Serunion enpresa arduratzen da janari zerbitzuaz, eta, hark izan dituen beste zenbait arazo tarteko, Hezkuntza Sailak erabaki du espedientea zabaltzea zerbitzuaren kontzesioa duen enpresari, kontratua deuseztatzeko asmoarekin.
EHIGEk ostiralean adierazi zuen kanpaina bat abiatu duela eskola jantokiak kontrolatzeko eta horien jarraipena egiteko. Azaroaren 2an hasi zen Serunion janaria zerbitzatzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan.
Ostiralean izan zuten arazoa Langilen. Gurasoek ohar bidez adierazi dutenez, Hezkuntza Sailak lehen platera ez jateko abisua pasatu zienerako begiraleek «janari hondatua» jana zuten jadanik. Ondoren topatu zituzten harrak bigarren plateretako batean.
Arazo zabala
Langilekoa ez da kasu bakana. Hernaniko ikastetxean Serunion enpresa arduratzen da janariaz, baita Durako (Araba) Ikasbidea zentro publikoan ere. Bertan ere harrak agertu ziren janarian joan den hilean, eta aurreko asteazkenean bigarren platera erretiratu behar izan zuten, ohi baino garratzagoa zegoelako. Egoera ikusita, Hezkuntza Sailak kontratua eteteko prozedura hasi du, eta espedientea zabaldu dio Serunion enpresari. Aurrerantzean kontrolak zorroztuko dituela agindu du.
Hernaniko ikastetxeko gurasoek ere argi dute arazoa ez dela beraiena soilik: «Gertatutakoa eredu oso baten isla eta ondorioa da. Gure haurren elikagaiak makroenpresen esku daude». Erantsi dute eredu hori «inposatua» dela eta hezkuntza komunitateari ez zaiola ahotsik ematen. «Irabazi ekonomikoak lehenesten dituztenen esku utzi da gure haurren elikadura. Zenbat diru aurreztu nahi dute, Basque Culinary Centerren gastatu ahal izateko?».
Nabarmendu dute haur askorentzat jangela zerbitzua dela aukera bakarra: «Ez da hautazkoa, ez da pribilegioa. Eguneko janari bakarra izan ohi da askorentzat, eta kalitatezkoa eta osasungarria izan behar du».
Horri aurre egiteko, esan dute Langile ikastolan «haurren elikagaiei buruzko eredu propio bat» landu nahi dutela: «Gertuko produktuak gertu prestatu nahi ditugu». Bide horretan, baina, Jaurlaritzaren trabak pairatu dituztela iradoki dute. «Utz iezaguzue erabakitzen, eta utz iezaguzue egiten. Gertuko produktuak gertu prestatu nahi ditugu. Kontratua lortu duen enpresak ehunka kilometrora ekoizten eta kozinatzen ditu jakiak».
Madrilen jatorria duen enpresa bat da Serunion, eta janari zerbitzuko bost enpresa handik sortu zuten, 1990eko hamarkadaren hasieran, Espainiako hiriburuan. 2003an, Frantziako Elior enpresa multinazionalak erosi zuen catering enpresa hura. Hamahiru herrialdetan ematen ditu jan zerbitzuak.
Langile Ikastolako gurasoek elkartasuna adierazi diete jangelako langileei ere: «Langileekin gaude. Lanpostu feminizatuak eta prekarizatuak dira, eta gure haurren hezkuntzaren atal oso garrantzitsu bat lantzen dute». Eskerrak eman dizkiete, eta babesa adierazi diete «izan duten profesionaltasunagatik».