Alderdiak

Sergio Sayasek UPN utzi du

«Ez nuen uste behin alderditik kanporatuta alderdia uzteko eskatu behar zenik», erantzun dio Esparzari, gutun batez

Sergio Sayas, astelehenean, PPren Iruñeko egoitzan. JOXERRA SENAR
joxerra senar
2023ko urtarrilaren 18a
13:29
Entzun

Euren burua UPNtik kanpo ikusten zuten, baina Sergio Sayasek alderdia uzteko urratsa egin du orain. Bezperan, Carlos Garcia Adanerok eta Sayasek iragarri zuten hurrengo udal eta foru hauteskundeetan PPrekin aurkeztuko direla, eta, hori ikusirik, UPNren Berme Batzordeak eskatu die 24 ordu igaro baino lehen euren borondatez alderdia uzteko.

Iaz, UPNren Berme Batzorde horrek berak ebatzi zuen bi urte eta erdiz alderditik kanpo zeudela Sayas eta Adanero. Haiek ulertu dute betiko kanporatuak izan direla, eta hala erantzun dio Sayasek gutun bidez Berme Batzordeari. Alderdia «penaz» uzten duela aipatu du.

Esparzari kritika

Gutuna Javier Esparza kritikatzeko ere baliatu du. Anbizio pertsonalista izatea eta alderdia modu «egozentrikoan» zuzentzea leporatu dio. «Ez nuen uste behin alderditik kanporatuta alderdia uzteko eskatu behar zenik», mintzatu zaio Esparzari. «UPNtik ez noa nire borondatez: UPNtik zuk bota nauzu. Bota egin nauzu hala eskatzen zizulako PSOEk. Enbarazu egiten genizun Sanchezengana gerturatzeko zure estrategia berri horretan. Hala hitzartu zenuen Felix Bolañosekin eta Santos Cerdanekin Madrilen, lan erreforma bozkatu baino egun batzuk lehenago».

Hala, utzi berri duen alderdia kritikatzeko baliatu du Sayasek, eta otsailaz geroztik argudiatutakoa errepikatu du. Haren ustez, Esparzak akordio hori ezkutatu egin zien boto emaileei eta bi diputatuei, eta helburua zen sozialistengana hurreratzea. «Haiek Nafarroako Gobernura heltzea promes egin zizuten, eta, eurengana gerturatzen diren guztiei egiten dieten bezala, iruzur egin zizuten. Zu tranpan erori zinen, eta geroztik indar guztiz Sanchezek eta Txibitek Bildurekin eta nazionalismoarekin duten hitzarmenari eraso egin beharrean, haien babesaren bila ari zara, emango ez dizuten etorkizun baten erreguan».

Estrategia horretan, alderdiaren bazkide historikoekin elkar ulertzeko zubiak haustea egotzi dio Esparzari. «Zuregan konfiantzarik ez duten boto emaile asko urruntzen ari dira, zure kontraesanekin eta norabide aldaketekin nekatuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.