Urak nahasi dira Nafarroako eskuin espainiazalean. Iragan asteburuan, UPNk eta PPk iragarri zuten nor bere aldetik aurkeztuko direla Espainiako Gorteetako hauteskundeetara, koalizio bat adostu ezinda. Orain, berriz, PPk adierazi du UPNren diputatu izandako bat hautatu duela Espainiako Kongresurako hautagai izateko Nafarroan: Sergio Sayas.
Sayas aukeratu izana ez da nolanahiko mugimendua. Soka luzea ekarriko du, eta, ziurrenik, are gehiago gaiztotuko ditu eskuineko bi alderdien arteko harremanak. Izan ere, UPNren eta PPren arteko hausturaren oinarrian dago Sayas: iazko martxoan, UPNtik kanporatu zituzten bai Sayas eta bai Carlos Garcia Adanero diputatua, Espainiako Kongresuan alderdiaren diziplina hautsi eta lan erreformaren aurkako botoa eman ondoren. Horren ostean, PPn izena eman zuten biek, eta Garcia Adanero PPren hautagaia izan zen Iruñeko alkate izateko.
Nafarroako eskuin erregionalistak traiziotzat hartu zuen Sayasen eta Adaneroren jokaldia, eta harreman oro hautsi zuen PPrekin. PPren esanetan, ordea, «ibilbide politiko eta legegile luzea» izatea da hautagaiak izendatzeko irizpide bakarra, eta «kudeaketa publiko zein pribatuan esperientzia frogatua» edukitzea.
Twitter bidez, Sayasek esker ona adierazi die PPri eta alderdiko buru Alberto Nuñez Feijoori, «erakutsitako konfiantzagatik».