Bihotza gara gu». Atzo irribarre zabalik bazen, Arantxa Urretabizkaiarena zen (1947, Donostia), Hondarribian, Jaizkibel konpainian desfilatzen, danbor errepiken artean. Aspaldikoa du idazleak alarde parekidearen aldeko atxikimendua, eta, hunkituta, danbor hots haiek taupada zirela esan zion bide bazterreko kazetariari: bizi hotsa. Urretabizkaiarena Jaizkibeleko emakumezko ahotsetako bat da; Hondarribiko ehunka andrazkok, bakoitzak bere berezitasunekin, bizi duten sentimendu sakon baten isla.
«Nire sentimendua beste konpainietan parte hartzen dutenen berdina da: berdin-berdina». Izaskun Larruskainek (1966, Hondarribia) ez die onartzen alarde ez-parekidearen aldekoei alardearen jabegorik. Minbera egiten zaio gaia. Jaizkibel konpainiako kapitaina da egun. «Kanpotarra». Hori da urteotan entzun behar izan dituen irainetan, ozpinena. «Herrikoa naiz; ni, gurasoak, aitona-amonak...». Alardea izugarri gustatzen zaiola dio: «Txikia nintzenetik». Eta jaiarekiko maitasun eta errespetu erabatekoz ari direla. «Asko maitatu behar da jai hau, hau guztia jasateko; maite dugulako egiten dugu». Bi hamarkada daramatza alarde parekidearen aldekoekin harremanetan Larruskainek, eta ezinikusia etxean bertan sentitu du. Kontatzea kostatzen zaion gertaerak badira: deserosoegiak. «Hirugarren urtea dut hau kapitain: nire sendia ez da inoiz ni ikustera etori». Anaiez ari da, lehengusuez. Senarra eta hiru seme-alabak—16, 14 eta 11 urte— berekin ateratzen dira. «Gogoan dut alabarekin irten nintzen lehen aldia; negar egin nuen, emozioagatik».
Guadaluperako —bertan meza eta ospakizunak izaten dira irailaren 8an— bidean egin zituen adierazpenok kapitainak, goizeko alardeko tentsioa oraindik erabat baretu ezinik. Dioenez, hastapenetan ezustean harrapatu zituen kontrakoen jarrera erasokorrak; hain gordina izateak, bereziki. «Ez genuen pentsatzen horrenbesterainokoa izango zenik». Arazoaren muinaz sarri egin du gogoeta, usu ulertzen zaila egiten zaiola aitortu du, baina gakoetako bat hainbat sendik alardearekin izan duten aparteko pisuan —boterea hitza erabili du— dagoela uste du. «Beste neska batzuk hasi izan balira honekin, ez zen ezer ere gertatuko», dio. «Askotan esan digute: 'Zuek ez'».
Bi urte daramatzate, manifestazio baimenarekin irten arren, pankarta eta antzekorik gabe irteten Jaizkibel konpainian. Aurrerapausoa iruditzen zaio Larruskaini, baina, halere, lehendik ere protesta egitea baino beren nahia festan parte hartzea izan dela dio: «Ni inoiz ez naiz sentitu manifestazio bateko partaide; konpainia bateko kidea sentitu naiz beti». Giroak baretze aldera egingo duela pentsatzen du: «Oso gertu dago. Kontrakoen azken ahaleginak dira hauek». Aurten gaztetxo ugari hurbildu zaizkiela dio, eta haietako askorekin, haien gurasoak. «Oso polita izan da».
Reme Etxeberriaren pausoa
«Ia gizaldi bat». 1927an jaioa da Reme Etxeberria, Hondarribian. Begiak bustita mintzo zen atzo Guadalupen. Izan ere, aldamenean zituen alaba eta biloba: Ixabel Alkain (1961, Hondarribia), Jaizkibel konpainiako lehen kapitaina izana, eta Malen Alkain (1990, Hondarribia, Jaizkibelekoen kantinera atzo. Eta haien ondoan desfilatu zuen; hainbat metro egin zituen. Txalo artean. Urteak zama ukaezina dira zangoetan, baina burua tente eraman zuen: oso harro. Badu esperientzia. «1945ean kantinera izan nintzen. Orduan arruntagoa zen dena; urte zailak ziren, gerra ostekoak». Eta badu zer aldarrikatua. Tamalez. Urteotan gertutik sufritu ditu alarde parekidearen aldekoek jasandako irain eta burlak, eraso eta jazarpen bortitzak: etxean bertan. Gomuta ilunak dira.
«Herria lotsagarri dabil kontu honekin guztiarekin; errespetuak behar luke galtzen den azkena», gaitzetsi zuen. Gogoan, bereziki, senarra zuen, orain hiru urte zendua. «Arrantzalea zen, Ternuan eta ibiltzen zen». Etorritakotan, jaietan murgiltzea izugarri gustatzen zitzaiola ondo gogoan du. Azken urteetan, ordea, familiak alarde parekidearen aldeko hautua egitean, une aski minberak bizitzea tokatu zitzaiola oroitu zuen. «Gogorra izan zen beretzat», azaldu zuen alabak, Ixabel Alkainek. «Hainbat lagunek ukatu egin zioten hitza». Sendiak, hala ere, batuta egoten asmatu du, finean, sentitu dutelako etxean ikasitakoa betetzen ari direla. «Ni, nire amaren alaba naiz, hark irakatsitakoa da honako hau: 'Emakumeak edonora'».
Une hunkigarria izan zen hiru andreentzat. Kostata erantzun zituzten galderak. Gazteenak ere, Malen Alkainek, bidea ez dela erraza izan aitortu zuen; oroitu zuen gaztetxotan ez zela samurra gatazkaren «epizentroan» egotea. «Lotsa» aitortu du: ezinegona. «Kontzientzia hartu arte». Jaizkibelen sentimenduarena.
Hondarribiko alardea
Sentimendu beraren parte
Jaizkibel konpainiarekin bat egiten duten andrazkoak askotarikoak dira; jaiarekin bat egiteko gogoak batzen ditu eta, eragozpenak gaindituz, beti aurrera egitekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu