Azken egunak nahasiak izan dira Aitziber Berruetarentzat (Iruñea, 1975). Egunero oroitzen da bere aita Angelekin; baina heriotzaren urteurrenaren inguruan, biziago gogoratzen du gertatutakoa. Atzo 11 urte bete ziren Valeriano de la Peña Espainiako poliziak eta haren seme Miguel Josek Berrueta tiroz hil zutela, haren okindegian, Iruñeko Donibane auzoan. Han egin zioten omenaldia iluntzean.
11 urte igaro dira zure aita hil zutela. Nor zen Angel Berrueta?
Nik beti esan izan dut aita pertsona alaia zela. Zer esango dut nik? Niretzat, eredugarria zen. Lagunen laguna zen, eta inoiz ez zuen inorekin arazorik eduki, ezta politikoki ere. Dendan mota guztietako eta ideologia askotako jendea sartzen zen, eta inoiz ez zuen inorekin arazorik izan.
Politikarengatik arazorik ez zuela diozu, baina haren heriotzaren arrazoia politikoa izan zen.
Hala da. Inoiz ez zuen inorekin liskarrik izan arazo politikoengatik, baina arrazoi ideologikoengatik hil zuten. Eta ez dugu guk esaten bakarrik; auzitegiaren sententziak ere hala dio: zio ideologikoengatik hil zuten nire aita.
Kartel batek eragin zuen.
Bai. M-11ko atentatuen ondoren, Espainiako Gobernuaren eta hedabideen bertsioaren arabera, dena zen ETA. Ematen du une horretan ezker abertzalearen aurka joatea komeni zitzaiela. Gobernuak eta hedabideek «ETA, ETA, ETA» zioten... ETA ez zela izan jakin genuen arte.
Elkartasunez, martxoaren 12an, denda itxi zuen aitak, noski.13an, Maria Pilar Rubio dendatik pasatu zen, eta aitari ETA ez zioen kartel bat jartzeko eskatu zion. Aitak ezetz erantzun zion, eta eztabaida bat izan zuten. Ondoko atarian bizi zen Pilar, eta etxera igo zen. Ez dakit nola egongo ziren haren semea eta senarra, baina jaitsi, eta aita hil egin zuten.
Zigorra bikoitza izan zela salatu izan duzue: batetik, aita galtzea, eta, bestetik, Poliziaren jazarpena jasatea.
Lehen minututik izan genuen jazarpena, martxoaren 13an dendara joan ginenetik. Ez ziguten sartzen utzi, noski; eta ondoko drogerian sartu ginen. Ama oso urduri zegoen, eta atxilotu behar zutela esan zioten. Beilatokian, berriz, jendea lasai zegoen. Tira, auzoa erasokor zegoen gertatutakoarengatik. Baina Polizia agertu izan ez balitz, ez zen ezer gertatuko. Jendea gurekin zegoen, eta Poliziak ez zuen zertan agertu. Haien kide batek hil zuen gure aita, baina beilatokira ere sartu ziren. Kanpoan gertatzen ari zena gogor sufritu genuen.
Zenbat iraun zuen jazarpenak?
Sei urte, gutxi gorabehera. Harrika egin zioten dendari, eta etengabe deiak jasotzen genituen. Hiletaren egunean bertan jaso genuen lehenengoa. Espainiako polizia bat zela esan zigun, eta hilko gintuela. Oso dei gogorrak jaso ditugu. Baina salatu ditugun mehatxu guztiak artxibatu dituzte.
Epaiketa izan zen hiltzaileen aurka, eta espetxe zigorrak jarri zizkieten biei. Iaz, baldintzapean aske geratu zen Miguel Jose semea.
Hamabost urteko zigorra jaso zuen hark, eta, hiru laurdenak beteta, aske geratu zen. Hemen batzuentzat balio du neurriak, baina beste askorentzat ez. Urruntze agindua eskatu genuen, baina geroztik, ez dugu eskaeraren berririk izan.
Nafarroako Parlamentuan izan zineten asteartean zuen kasua azaltzen. Zein tratu eman izan dizuete instituzioek?
Orain arte, ez dugu traturik izan; parlamentukoa izan da lehena.
Beranduegi izan da?
Inoiz ez da berandu halakoetarako. Bake prozesu batean gaude, eta, agerraldiek aurrera jarraitzeko balio badute, ongi etorriak dira. 11 urtez izan gara borrokan, eta bizkarra eman digute. Hori guretzat gorde beharko dugu.
Zer eskatu diezue taldeei?
Errespetua; oraindik ez baitugu izan. Biktima guztiak berdinak garela aitortzeko eskatu dugu; egia bat dagoela, eta entzun behar gaituztela. Finean, Angel biktima politiko gisa aitortzea.
Zein balio izango luke familiarentzat instituzioek Angel biktima gisa aitortzeak?
Herriaren aitorpena badugu; instituzionala falta zaigu. Zergatik nire aitari ez? Beti galdetu izan diot neure buruari. Zergatik diote ez garela beste biktimak bezalakoak? Zerk egiten gaitu ezberdin? Espainiako polizia batek hil zuen nire aita. Egia estali nahi dute; ez dute aitortu nahi. Alde bakarra ikusten dute, nahi duten aldea. Baina beste bat dago: gurea.
Aitziber Berrueta. Angel Berruetaren alaba
«Sententziak ere hala dio: zio politikoengatik hil zuten nire aita»
Egiaren aitorpena eta erreparazioa nahi ditu Aitziber Berruetak. Nafarroako Parlamentuan izan zen asteartean, eta han egin zuen eskaera: Berrueta biktima politiko gisa aitortzea nahi du familiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu