Senperen 1,3 milioi eurotako jabetzaren salmenta hilabete bateko gogoetan

Saferrak prezioaren estimazio berri bat egingo du datorren asterako. Ekainaren 9an berriz ere denak bilduko dira eztabaidari segida emateko.

Espekulazioaren aurkako elkarretaratzea Senpereko herriko etxe aurrean. PATXI BELTZAIZ
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko ekainaren 2a
19:31
Entzun

Hamarnaka jende bildu da gaur arratsaldean Senpereko herriko etxe aurrean (Lapurdi), Espekulazioari ez! Gure amalurra zaindu dezagun! lelodun pankartaren gibelean. Herriko etxe barnean, berriz, 1,3 milioi eurotan salgai dagoen jabetzari buruzkoak zeuden mahai gainean. Bilkuran elkartu dira Senpereko herriko etxea, saltzailearen notarioa, erosleak, Lurzaindia, ELB, FNSEA eta arrantzaleen elkartea. Bi orduren ondoren adosturik irten dira: «Denok batera onartu dugu hilabete bateko gogoeta unea utziko diogula gure buruari konponbidea aurkitzeko», azaldu du Bernard Elhorga Senpereko auzapezak.

Problematika guztiak aipatu dituzte, nagusia prezioarena. Dominique Ameztoi Lurzaindiako kideak azaldu duenez, erosleez eta saltzailearen notarioaz gain, denek erran dute prezioa «biziki gora» dela. «Denek azpimarratu dute laborantzarendako eta Euskal Herriarendako orokorrean ze kalteak eragiten dituen horrelako salmenta batek». Hilabeteko gogoeta epea hartzea erabaki dute guztiek, «erosleek eta saltzaileak engaiamendua hartu dute hilabete batez ez ezer izenpetzeko».

Saferrak datorren asterako jabetzaren prezioaren estimazioa egingo du, estimazio hori proposatuko zaio saltzaileari, eta, ekainaren 9an berriz ere denak bilduko dira eztabaidari segida emateko.

Donibane Lohizuneko Adam gozotegia egon da eroslearen lekuan gaurkoan. Jabetzan haien gozotegirako lehengaiak ekoiztea xede dutela azaldu dute bilkuran, Ameztoien arabera.

Auzapezaren hitzetan, erosleek eta saltzaileak lasaitasuna eskatu dute, «presio mediatikoak haien postura gogortuko» duelako. Dominique Ameztoik «herritarren erantzuna problemaren araberakoa» dela adierazi du, eta, bilkuran egotea «errexagoa» dela herriko «etxe aurrean sustengua» dutela jakinik.

Salmentan sartzen dira: etxebizitza bat, 7 hektareako laborantza lur bat, 2 hektareako urmael bat eta oihan eremu zabal bat. Guztira jabetzak 50 hektarea baino gehiago ditu. Joan den asteazkenean Senpereko herritar kolektiboak egindako elkarretaratzean jabetza hori laborantzara bideratuko denik ez dutela uste adierazi zuten. Izan ere, nahiz eta gaur egun laborantzarako lur eta naturagune izendatuak diren, ezerk ezin du ziurtatu hemendik 10 urtera han eraikitzeko baimena emango ez denik: «Ez dezagula geure burua engaina: prezio horretan, ez dira izango lurrak laborantzara bideratuko dituzten erosleak, baizik lur espekulatzaileak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.