Senpereko jabetzari buruzko eztabaida alferrikakoa bihurtu da fite

Senperen 1,3 milioi eurotan salgai dagoen etxebizitzari buruzko bilkuratik atera dira gaur Senpereko Herriko Etxea, Lurzaindia, ELB eta FDSEA, besteak beste. Elkarrizketaren izaera «antzua» deitoratu dute.

Lehen bilkuran, herritarren elkarretaratzea Senpereko herriko etxe aitzinean, artxiboko irudia. PATXI BELTZAIZ
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko ekainaren 16a
18:06
Entzun

«Mintzatzeko garai bukatzen ari da, eta orain, borroka eta ekintzaren tenorea da», adierazi du Dominique Ameztoi Lurzaindiako kideak. Senperen (Lapurdi) 1,3 milioi eurotan salgai dagoen lurraren inguruko elkarrizketa hasi zuten ekainaren 2an. Jabetzaren salmenta prezio altuak piztu zuen eztabaida. Mahai beraren inguruan bildu ziren herriko auzapeza eta haren axuantak, eroslea, saltzailearen notarioa, Lurzaindia, ELB eta FDSEA, besteak beste. «Hilabeteko gogoeta epea» hartuko zutela erranez atera ziren bertatik. Alta, gaur, hirugarren bilkura zutela, «oren erdi baten buruan atera» dira ELB, Lurzaindia, FDSEA eta herriko kontseiluaren ordezkariak. «[Eztabaida] ez da deus aitzinatzen», azaldu du ELBren sare sozialetan Ttotte Elizondo Saferrako ELBren ordezkariak.

Denise Tapia Senpereko laborantza axuantak hartu du hitza irteterakoan. Haren hitzetan, Saferak eta EPFLak «600.000 euro eta 700.000 euro artean» estimatu dute jabetza. Alta, 1.300.000 eurotan da salgai, eta, «eroslea atzemana du». «Berriz ere, espekulazio kasu izugarri larri baten aurrean gaude», azpimarratu du. Bilkura utzi izanaren zergatia azaldu du ere: «hilabete bateko gogoeta epea eman diogu gure buruari, egoera bestelakotzeko; gaur bilkura uztea erabaki dugu elkarrizketak antzua izaten segitzen duelako». Ondorio batera iritsi da: jabetza 1.300.000 eurotan saldua bada, ezingo direla etxaldeak trasmititu, ezta, tokiko gazteei etxebizitzarik eskaini. «Beste behin ere, dirua denaren gainetik da», deitoratu zuen.

Dominique Ameztoi Lurzaindiako kideak bikuretan gertatutakoari buruz aritu da: «Lehen bilkuran gure arrangurak adierazi genizkien, erran ziguten konprenitzen zutela gure kezka; bigarren bilkuran galdetu genien zer urrats egiteko prest ziren, haiek erantzun ziguten ez zekitela eta guk ere ez genuela proposamenik egiten; Beraz, egun, joan gara eta egin diegu gure proposamena». Alde batetik, saltze hori «haustea» proposatu dute, bestetik, 700.000 eurotako eskaintza egin dute. «Nahi dugu saltzaileak berriz gogoetatu dezan, eta, buruan hartu dezan prezio hori ez dela onargarria, ez orain ezta geroan ere». Proposamena egin eta atera direla azaldu du Lurzaindiako kideak. «Orain haiek haien etxeetara joan dira gogoetatzera, eta gu gure kideei buruz itzuliko gara galdetzeko: orain zer egiten dugu? zer ekintza antolatzen dugu?».

«Hor kartak haien eskuetan dira», azaldu du Ameztoik. Baina azpimarratu du sinatzekotan, orain arte «ez jakinarena» egiten ahal bazuten, jada «kezken jakitun» direla eta ezin dutela «estakururik» erabili. Diru zama hori eskaintzea «bortizkeria» bezala bizi dutela adierazi du ere, eta, «sujetari buruzko herriaren oldarra» aipatu. «Ez dut uste aitzina joanen direnik». Gogoan izan du erosleak komertzio baten buru direla eta kalte handiak ekartzen ahal dizkiela salmenta honek. Hain zuzen, Donibane Lohizuneko Adam gozotegia egon da eroslearen lekuan eztabaida guztian zehar.

Ikusi gehiago: Senpereko jabetza bat 1,3 milioi euroan jarri dute salgai, eta herritarrek espekulazioa salatu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.