Espainiako Gobernuaren osaketa

Senper: «EAJ beldur da, estreinakoz bere historian»

PP estu hartzen ari da EAJ, Nuñez Feijoo Espainiako presidente izateko babesa lortu nahian. Borja Senper alderdiko Gizarte idazkariordeak esan du «prozesioa» ez dela amaituko «azken pausoak egin arte». EAJ talde parlamentarioa lortzeko bidean da Senatuan PSOEren laguntzaz, baina azken hitza PPk izango du.

Borja Semper PPko Gizarte idazkariordea. R. GARCIA / EFE
xabier martin
2023ko abuztuaren 24a
11:47
Entzun

PPko presidente Alberto Nuñez Feijoo Espainiako presidente izaten saiatuko da irailaren 26an eta 27an egingo duten inbestidura saioan, Espainiako Kongresuan. PPko buruak lau boto falta ditu Moncloara iristeko, eta EAJn jarri du jomuga. Jeltzaleen Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek oso argi utzi du asteon EAJko bost diputatuek ez dutela PP babestuko, «Vox sartzen den ezein ariketatan» ez dutelako parte hartu nahi. Baina bozen biharamunean bertan hasi ziren presioei aurre egin beharko dio EAJk datozen asteetan, PP argi uzten ari denez.

Gaur bertan, Borja Senper alderdiko Gizarte idazkariordea aritu da EAJri berriro babesa eskatzen. Radio Euskadin ziurtatu du EAJ «beldur» dela «estreinakoz bere historian», eta horrek eragozten diola «arrazionaltasuna» topatzea.

Senperrek uste du EAJ «deseroso» dagoela hilabete batzuk barru Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango direlako «eta EH Bildu gailentzen ari zaiolako». «EAJk ikusiko du; haiek erabaki behar duten ariketa bat da. Feijoo ez dutela babestuko iragarri dute, eta iraganean Rajoy eta Aznar babestu zituzten. Dena den, prozesioa ez da bukatuko azken pausoak eman arte».

Estebanen eta Feijooren arteko bilera

Esteban jeltzalea Nuñez Feijoorekin batzartuko da haren babesari buruzko bilera batean, baina «kortesiaz», EAJk sarri askotan esan baitu ez duela PP babestuko, ariketa horretan Vox ere sartu beharko bailitzateke. Senperrek ukatu egin du, ordea, Voxen rol hori. Haren ustez, aurrez aurre dagoen «ekuazioa» da soilik PPren gobernu bat. «Ez dago PPren eta Voxen gobernu baten ariketa». PPko kideak, ordea, ezin izan du errealitate bat ukatu: Moncloara iristeko PPk Voxen babesa beharko luke, nahitaez, Kongresuan.

Horren ordez EAJk lortuko lukeenaz aritu da, betiere PP babestuko balu. «Oso garrantzitsua izango litzateke agenda erabakitzeko, eta erreferentziazkoa izango litzateke Kongresuan zenbait ekinaldi aurrera ateratzeko.

Talde parlamentarioa Senatuan

Gaur jakin da EAJ Senatuan talde parlamentarioa lortzeko bidean dela. Bost senatari ditu, eta hamar behar dira taldea eratzeko eta hark ematen dituen abantailak lortzeko, dirutan esaterako; baina PSOEk falta dituen bost senatariak utziko dizkio taldea eratu ahal izateko. Haatik, formula horrek eta adostu diren beste zenbaitek —kasurako, JxCek ere taldea izatea PSOEren mailegu bati esker— PPren oniritzia beharko dute, hark baitu gehiengoa Senatuko Mahaian.

Halaber, EH Bilduk ERCrekin batera aurkeztu zuen zerrenda, eta koalizio abertzaleak dagokion taldea izango du; izan ere, haren bost senatariek eta ERCren seiek taldea eratzeko beharrezko kopurua batzen dute.

Geroa Bai koalizioko senatari Uxue Barkos, berriz, Sumarren talde parlamentarioan sartuko dela espero da. Talde horretan egongo dira Compromis, Mas Madrid, ASG eta Eivissa i Formenterako PSOE-Sumar koalizioko senatariak. PSOEk utziko dizkiete beharko dituzten bost-sei senatariak hamarrera iristeko. Akordio horiek guztiak aurrera ateratzeko, ordea, PPren oniritzia beharko da.

UPNko senatari bakarra, berriz, Maria Caballero, Talde Mixtorako bidean da, Voxeko senatariekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.