Xebax Christy. Udalbiltzaren Hurbiltzen egitasmoko ordezkaria

«Senidetzeak tresna bat dira Euskal Herria herri gisa eraikitzeko»

'Senidetze' hitza entzunda, nazioarteko hirien arteko hitzarmenak datoz gogora maiz, baina, Xebax Christyren ustez, Euskal Herri barruan, elkar ezagutzeko eta erlazioak estutzeko «tresna interesgarria» izan daitezke.

AURORE LUCAS.
joxerra senar
Iruñea
2018ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
«Senidetzeak bereziki aberasgarriak dira». Xebax Christy (Aiherra, Nafarroa Beherea, 1979) Hazparneko zinegotzi eta Hurbiltzen batzordeko kideak uste du herrigintzan funtsezkoa dela elkar ezagutzea, eta horretan erreminta interesgarriak direla senidetzeak. Hain zuzen ere, Udalbiltzak senidetzeei buruzko jardunaldiak egin zituen hilaren 10ean, Uharten (Nafarroa). Udaletako ordezkari eta eragileen artean, 30 lagun inguru elkartu ziren. Bertan parte hartu zuen Christyk, eta dei egin die herritarrei zein hautetsiei gogorik izanez gero herrien arteko senidetzeak abiatzera.

Zer balorazio egiten duzu jardunaldioz?

Balorazio biziki ona egiten dugu. Egun aberatsa izan zen, bai esperientzien trukatzeko, bai praktika onen identifikatzeko; bereziki, interesa duen jendea ezagutzeko parada egokia izan da.

Hurbiltze plana aurkeztu zenuten Uharten. Zertan datza?

Udalbiltzak sortu duen programa bat da, Euskal Herrian, herrien mailan eta herritarren artean ere, loturak sortzeko, gizarte kohesioa lortzeko. Senidetzeak tresna gisa ikusten ditugu harreman horien azkartzeko eta garatzeko.

Zergatik dira garrantzitsuak?

Garrantzitsuak dira, zeren eta herrien eta herritarren artean luze irauten ahal duten harremanak sortzen ahal dituzte, eta, beraz, elkar bizitzeari buruz. Badute alde ofizial bat, udalen arteko hitzarmenak, baina senidetze batek ongi ibiltzeko eskatzen du hortik harago joatea eta herri mailan ere harremanak izatea. Euskal Herrian badugu elkar ezagutzeko beharra

Senidetzeez hitz eginda, denoi datozkigu burura oso urruneko tokiekin udalek egiten dituzten hitzarmenak. Alderantziz jokatu nahi duzue?

Hain justu, beste zentzu bat eman nahi diogu. Ez dio batak besteari kontra egiten, baina beste zentzu batean ulertzen ditugu. Aipatu ditugun senidetzeak dira Euskal Herri barnean herrien eta herritarren arteko loturak sortzea eta azkartzea. Ez bakarrik Iparraldearen eta Hegoaldearen artean. Izaten ahal da Nafarroako herri baten eta Bizkaiko herri baten artean ere.

Zer beste adibide duzu?

Euskal Herrian baditugu lau herri Uharte deitzen direnak. Nafarroan, Uharte eta Uharte Arakil. Iparraldean, Uharte Garazi eta Uhartehiri. Lauren artean proiektu bat muntatzeko gogoa badago, lau herri horiek Done Jakue bidearen barruan baitira. Ez da bi herriren arteko zerbait, eta hala ere bada manera senidetzea egiteko.

Diagnosi bat egin duzue. Zer ondorio atera duzue?

30 senidetze identifikatu ditugu Euskal Herri barnean. Ohartzen gara anitzetan jende pixka bat edo dinamika landu dela, edo gelditzen dela zerbait hitzarmen ofizial batekin, baina gero, urtean behin, egun batez, topaketa egiten da. Hortik kanpo usu ez da ezer egiten. Jardunaldien helburua zen ikustea nola gauza horiek gertatzen diren eta zer egin daitekeen senidetzeak azkartzeko eta errotzeko gehiago herrien artean.

Oztopoak badaude?

Bai, senidetzea udalen artean baizik egiten ez bada, eta ez badago oinarririk herrian, arriskua da politika mailan aldaketa izaten bada, edo pertsona aldaketa bat, horrek senidetzeari kalte egitea. Ikusten dugu inportantea dela ofizialtasuna izatea eta udal mailan zerbait egitea, baina, era berean, biziki inportantea da herrietan, ahal dela, batzordeak izatea herriko elkarteak eta enpresa mundua biltzen dituena eta senidetzeaz arduratzen dena, epe luzeagoan sortzeko eta lantzeko.

Horretarako, garrantzitsua da herritarrek onurak ikustea?

Bai, Antzuolako auzapezak argiki azaldu zuen: senidetze batean parte hartzen duzularik, anitz ematen diozu zure herrirat heldu denari, baina zuk ere anitz errezibitzen duzu. Pertsonengan, adiskidetasuna eta sortzen diren harreman horiek biziki aberatsak dira. Helburua da senidetzeak harreman natural batean izatea, eta orduan biziki aberasten zaitu.

Onura ekonomikoaz harago, onura pertsonala.

Bai, segur da. Onura ekonomikoa izaten ahal da bai laborantzan, bai industrian, saltzeko ekoizpenen aterabideak baldin badira beste herrian, eta horren inguruan zerbait planteatzen bada. Baina inportantea harreman mailan zerbait eraikitzea da. Senidetzeak tresna bat dira Euskal Herria herri gisa eraikitzeko, eta hori ez da soilik ekonomia mailan egin behar.

Zer irizpide eduki beharko lituzkete senidetzeek?

Azkenean, irizpideak baino gehiago, praktika onak edo aholku gisa erabili ahal diren gauza batzuk identifikatu nahi ditugu. Ohartu gara gauzak ez direla mekanikoki egiten ahal, eta agian bi herrien artean ibiltzen ahal den zerbait beste herri batean moldatu behar dela haien errealitatera. Adibidez, herrian batzorde bat izatea komeni da, baina, Antzuolaren eta Aiherraren kasuan, Antzuolan ez dute batzorde berezirik, eta beti eraman du senidetzea.

Zein da helburua?

Gogoetatik atera dena da aholkularitza eta esperientzien kontaketa egin behar duela Udalbiltzak. Herri batzuk interesatuak badira, lagundu ahalko ditugu; horretan identifikatzen dugu gure eginbeharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.