1936ko gerran hildako 86 gudariren gorpuzkiak aurkitu ditu Aranzadi zientzia elkarteak Zornotzako hilerrian (Bizkaia) egindako indusketa lanetan: 54 pertsonaren gorpuzkiak topatu zituen iazko abenduan, eta beste 32renak topatu ditu aurtengo martxoan. Horietako bi identifikatzea lortu du Aranzadik, eta Eusko Jaurlaritzak senideei itzuli dizkie gorpuzkiak gaur, Zornotzan bertan egindako ekitaldi batean.
Adolfo Zengotitabengoa Izurza eta Jaime Iñiguez Nieva dira identifikatutako bi milizianoak. Muskizen (Bizkaia) jaio zen Zengotitabengoa, eta Barazarko frontean borrokan ari zela zendu zen, artean 31 urte zituela. Iñiguez, berriz, Ortuellan jaiotakoa zen (Bizkaia), eta 19 urte baino ez zituela hil zen, Zornotzako ospitale militarrean; uste da frontetik zaurituta eraman zutela hara. Ikerketaren arabera, 1937ko apirilaren 7an hil ziren biak.
Perezagua batailoiko milizianoak izan ziren biak. Perezagua Alderdi Komunistara lotutako batailoia izan zen, eta uste da kideek 1937ko maiatzean eta apirilean Zornotza inguruan izan ziren guduetan parte hartu zutela. Egun haietan borrokak izan baitziren Saibigainen, Bizkargin, Ganzabalen eta Solluben. Hildakoen gorpuzkiak gero eraman zituzten Zornotzako hilerrira, eta han lurperatu zituzten, beste batzuekin batera, hobi komun batean. Adituek uste dute hobi hori Bizkaiko handiena izan daitekeela.
Kutxa batean jaso dituzte senideek gorpuzkiak, eta horiekin batera, miliziano bakoitzaren desobiratzeari buruzko txostena eta Duintasuna izeneko eskulturaren erreplika bana ere eman dizkiete.
Bi milizianoen familiako kideez gain, Zelaieta zentroan egindako ekitaldian parte hartu dute Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak; Jose Antonio Rodriguez Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzaren sailburuordeak; Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak; eta Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak.
DNA uzteko deia
Melgosak adierazi du Zornotzako hilerriko hobian aurkitutako beste 84 gudari eta milizianoen gorpuzkiak identifikatzeko ahaleginean ari direla oraindik. Gogora institutua DNA laginak biltzen ari da horretarako. Martxoaz geroztik, 56 familiak utzi dituzte beren lagin genetikoak Gogora institutuaren DNA bankuan; uste dute euren senideren bat inguru hartan desagertu zela.
Horri esker lortu dute, hain zuzen ere, Zengotitabengoaren eta Iñiguezen gorpuzkiak identifikatzea. Aranzadik uste du hurrengo asteetan ere identifikazio gehiago egingo direla. Lan horiek errazteko, baina, 1936ko gerran senideren bat desagertu zitzaien herritarrei DNA laginak eman ditzatela eskatu die Melgosa sailburuak.
Izan ere, Melgosaren hitzetan, gerran desagertutakoen gorpuzkiak bilatzea eta haien senideei itzultzea «konpromiso demokratikoaren» parte da: «Bizikidetza ezin da ahanzturan oinarritu; egiazko konkordiak hiru oinarri baino ezin ditu izan: egia, biktimen oroimena eta askatasunaren eta justizia sozialaren ideal demokratikoak».
Gerran hildakoen gorpuzkiak senideei itzultzearen garrantzia nabarmendu du Salterainek ere: «Egin zuten sakrifizioa aitortzen ari gara, eta hari balioa ematen». Eta erantsi zuen halako ekitaldiek balio dutela «gizartean oraindik irekita dauden zauriak leundu eta sendatzeko».
1936ko gerran hildako 331 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu ditu Eusko Jaurlaritzak azken hogei urteetan, Gogora institutuaren bitartez. Horietako 54ri izen-abizenak jarri dizkie.