2006. urtean, Espainiako Mendekotasun Legea martxan jartzearekin batera, azaleratzen hasi zen ordura arte etxekoen ardura baino ez zen errealitate bat. Euskal Herrian milaka pertsonak dute mendekotasunen bat, eta haietako askok senideren baten zaintza premia dute; izan ere, egoitzen aukera izan arren, biztanlegehienek etxean geratzeko hautua egiten dute. Orain arte, fokua mendekotasuna dutenengan jarri izan da; orain, ordea, pertsona horien ongizatea bermatzen duten zaintzaileengan jarri nahi izan du arreta Bizkaiko Foru Aldundiak: Bizkaiko Zaintzaileen Estatutua aurkeztu zuen atzo.
Familiako kideren bat zaintzeko beren bizitza alde batera utzi dutenen egoera hobetu eta haien lana aitortzeko abiatu du diputazioak proiektua. Ideia Finlandiatik hartu dute; Euskal Herriko halako lehena da. Aldundiak egindako ikerketen arabera, senideak zaintzen dituztenen batez besteko adina 61 urtekoa da; normalean, bikotekideak edota seme-alabak izaten dira, eta, gehienetan, emakumeak. Bizkaian 17.491 pertsonak daukate aitortuta mendekotasun graduren bat, eta estatutuak hainbat eskubide aitortuko dizkie haien alboan dauden senideei ere.
Eskubideak eta baliabideak
Neurriek bi ardatz nagusi izango dituzte. Alde batetik, era informalean familiako kideren bat zaintzen duten pertsonei hainbat eskubide bermatzea, eta bestetik, haien jarduna hobetzeko formakuntza eta baliabideak eskaintzea. Adibidez, BGAE edo pentsio osagarrien planbat sortuko dute, zaintzaileen erretiroak hobetzeko. Bizkaiko Aldundiak hamabost eta hogei euro bitarteko ekarpena egingo die hilean, eta zaintzaileek beste hainbeste kotizatu beharko dute pentsio osagarri horretarako. Unai Rementeria ahaldun nagusiak nabarmendu du «ezinbesteko» lana egiten dutela zaintzaileek: «Ez da enplegutzat hartzen, baina bada lana».
Beste neurrien artean, aldizkako atsedenaldia bermatzeko, zaintzaileek haien senideak egoitza batean hamabost egunez uzteko eskubidea izango dute. Horretarako, mendekotasunagatik jasotzen duten diru laguntza erabiliko dute, eta diferentzia diputazioak ordainduko du.
Formakuntza bloke batzuk ere eskainiko zaizkie; eguneko zentroetan emango dira. Formakuntzarekin batera, zaintzaileek ziurtagiri bat eskuratu ahal izango dute, etorkizunean jardun profesionalera salto egiteko aukera izan dezaten.
Senideak zaintzen dituztenen egoera hobetzeko tresna abiatu du Bizkaiak
Zaintzaileen estatutuaren bidez, bi asteko atsedenaldi bat bermatu nahi diete, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu