Udako seriea. Beste habia bat (II)

Senegalen sortu, eta hara itzuli nahi

Hogei urte baino gehiago daramatza Diatta familiak Euskal Herrian. Senegaldik Europara emigratu zuten bizitza hobe baten bila, eta, gaur egun, 30 senide inguru dira Lea-Artibain. Ekonomikoki hobeto bizi badira ere, herrian lagatakoa ez dute ahazten.

Emmanuel, Christian eta Nestor Diatta, Markina-Xemeingo etxean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Emmanuel, Christian eta Nestor Diatta, Markina-Xemeingo etxean. ANDONI CANELLADA / FOKU
marcos tedin
Markina-Xemein
2024ko abuztuaren 30a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

«Etxean ez zaigu ezer falta», esan dute aho batez Nestor, Christian eta Emmanuel Diatta senegaldarrek. Aurreiritzien kontra, hiru senideek azpimarratu dute Senegalen zeuzkaten bizi baldintzak nahikoak zirela bizimodu oparoa izateko. «Diemberingen ez zaigu ezer falta, dena daukagu. Lur asko, fruta asko, dena daukagu. Ez zaigu janaririk ezta ezer falta. Arroz asko daukagu: ez dugu erosi behar, guk geuk ereiten dugulako», ziurtatu du Christianek; 42 urte ditu. Euren ustez, Euskal Herrian jendeak ez daki oso ondo zelan bizitzen den Senegalen. 

Casamance probintziako herri txiki bat da Diembering. Senegalgo hego-mendebaldean dago, kostaldean. Herri arrantzalea izan arren, mota guztietako frutak eta barazkiak landatzen dituzte bertan. «Ez dakit zelan izango den Senegalgo beste leku batzuetan, baina Diemberingen oso ondo gaude», kontatu du Emmanuelek. 2000ko abenduaren 19an heldu zen Euskal Herrira, haren osaba Ousmanek ekarrita. Hura izan zen Europara etorri zen lehenengoa Diatta familian.

Euskal Herrira heldu eta berehala Ondarroan (Bizkaia) finkatu zen Emmanuel. Gero, Lea-Artibai eskualdeko beste herri batzuetara mugitu ziren familiakoak: Markina-Xemeinera, Etxebarriara eta Lekeitiora. Diemberingen arrantzale izanda, Emmanuelek itsasoan egin zuen lan hasieran hamaika urtez. Besteek lantegietan egiten dute lan. Kontratu batekin heldu ziren Euskal Herrira, bizitza hobe baten bila.

BERRIAri Markinako etxeko ateak ireki dizkio Nestor Diattak. Christian lehengusua eta Emmanuel aitona ere etxean daude. Nestor bera 2010ean heldu zen Euskal Herrira, 12 urte zituenean. Gaur egun, lantegi batean egiten du lan, kirola egiten du, eta bizitza «lasaia» du 5.000 biztanleko Bizkaiko herri horretan: «Bizitza oso lasaia da Markinan. Moldatuz zoaz».

«Beste guztiak bezala etorri gara hona, abentura honek zer ekarriko ikustera. Ez gara arrazoi berezi batengatik etorri Euskal Herrira», azaldu du Emmanuelek. Berba egiteko orduan, herrimina igarri zaio. «Markina oso herri ona da, pertsona on asko daude, baina ez da etxea bezalakoa», aitortu du. 

«Beste guztiak bezala etorri gara hona, abentura honek zer ekarriko ikustera. Ez gara arrazoi berezi batengatik etorri Euskal Herrira»

EMMANUEL DIATTAMigrantea

Nestorrek, Christianek eta Emmanuelek oso argi dute non dituzten sustraiak. Gustura egonik ere, Christianek badaki etxetik urrun dagoela: «Etxean bezala sentitzea… nik ezin dut hori sentitu. Beti zerbait geratzen da barruan. Beti sentituko duzu kanpotar bat zarela. Nik hori sentitzen dut: badakit ni ez naizela hemengoa». Emmanuelek, berriz, azaldu du Euskal Herrira etortzeko arrazoi bakarra ekonomikoa zela: «Ni ez, ni ez naiz etxean bezala sentitzen. Zerbaiten bila etorri gara, bizimodua ateratzera. Norbera atera behar da bere bizitza egitera, eta, gero, nahi baldin badu, bere herrialdera bueltatu».

Europan eta Afrikan dituzten bizimoduak oso ezberdinak direla nabarmendu dute senideek. Hirurek bat egin dute horren inguruan, zalantza izpirik gabe. Senegalen falta zaiena lana da. Horrek bultzatu ditu emigratzera. «Guk ez dugu erabaki Euskal Herrira etortzea. Ousmane izan da etortzen lehenengoa, eta guk jarraitu egin diogu. Gustura gaude. Azkenean, immigrazioa hori da: etxea bezain ona den zerbait bilatzea, edo lan bat. Senegalen ez dago lan askorik, hemen gehiago dago», kontatu du Christianek.

Haurtzaroko herria

«Ezagutzen al duzu nire herri polita, kostaldean zehar hedatzen dena? Entzuten al dituzu emakume horiek oihan trinkoan dantzan eta kantuan?», abesten dio Metzo Djattah senegaldarrak bere herriari. Bera ere Diemberingekoa da, eta gogoan ditu bere sustraiak, Diatta familiakoek bezala. Itsasoa, gaztagile erraldoiak —baobabak, Nestorrek azaldu duenaren arabera—, eta itzultzeko grina aipatzen ditu artistak bere abestian. Sorterriak asko tiratzen du.

Casamancekoek badituzte euren probintziaz eta euren kulturaz harro egoteko arrazoiak. Jakina da kolonialismo frantsesak —eta europarrak, oro har— bertako etniak eta kulturak errespetatzen ez zituzten mugak ezarri zituztela, inperioaren eta «lehen munduaren» nahiei jarraituta. Erabaki horiek gaur egun arte eragin handia izan dute Afrikako herrialde guztietan —baita Amerikakoetan ere—. Senegal ez da salbuespena. 

«Etxean bezala sentitzea… nik ezin dut hori sentitu. Beti zerbait geratzen da barruan. Beti sentituko duzu kanpotar bat zarela. Nik hori sentitzen dut: badakit ni ez naizela hemengoa»

CHRISTIAN DIATTAMigrantea

Afrikako mendebaldeko kostaldeko mapa ikusita, bitxitasun bat igartzen da Senegal ikustean. Mauritania eta Ginea Bissau ditu mugakideak iparraldean eta hegoaldean, hurrenez hurren, eta, ekialdean, Mali eta Ginea. Mendebaldean, Ozeano Atlantikoa. Hala ere, Senegalen barruan badago beste herrialde bat sarturik: Gambia. Herrialde hori, Afrikako estaturik txikienetako bat, Britainia Handiaren kolonia izan zen. Hori dela eta, ingelesa dute hizkuntza ofizialtzat —nahiz eta bertakoak bertako hizkuntzaz mintzatzen diren—. Gambia herrialdeak izen bera duen ibai osoa hartzen du barne, Senegalen lurraldea mendebaldetik ekialdera erditik mozten. Hala, Senegalgo iparraldearen eta hegoaldearen arteko ezberdintasunak handiak dira. 

Casamance probintzia Senegalgo hegoaldean dago, eta Gambiaren hegoaldean. Probintzia horretan etnia nagusia diola da. Euren hizkuntza, kultura eta ohiturak dituzte. Izan ere, Diatta familiakoek euren artean diolaz egiten dute berba. Senegalen, berriz, eta Emmanuelek azaldu duen moduan, wolofa da etnia nagusia. Ezberdintasun horrek mugimendu independentistak sortu zituen 1980ko hamarkadan, konfrontazio militarrei bidea emanez —Senegalek 1958an lortu zuen independentzia—. 

Horretaz ez dute berba egiten Diatta familiakoek, ez dute zertan. Izan ere, hango bizimodua goraipatu dute. Hala azaldu du Christianek: «Bizimodu hobe bat lortuko dugulakoan etortzen gara hona, baina, hor lasaiago eta gehiago bizi gara». Emmanuelek azkar gehitu du: «Eta hobeto». Nestorrek ere berdin pentsatzen du. «Hemen, ekonomikoki bizi gara hobeto», azpimarratu du. Berriz ere, hirurek bat egin dute: baldintza ekonomiko hobeak izateak ez du esan nahi hobeto bizi direnik. Nestorrek uste du bizitza erosahalmenetik harago doala: «Azkenean, hemen bizitza hobea dela dioten horiek… hemen, bakarrik ekonomikoki bizi gara hobeto. Baina bizitza hobea hor daukagu, familiarekin gaude eta haiekin pasatzen dugu denbora». 

Familia

Gaur egun 30 senide inguru bizi dira Lea-Artibaiko herrietan sakabanaturik. Batzuk Euskal Herrian jaioak dira. Christianen bi seme-alaben kasua da: «Umeak, senegaldarrak baino gehiago, hemengoak sentitzen dira, erabat moldatuta daudelako. Senegalen egon dira, baina gutxi». Euskal Herrian jaiotako lehenengo semeak 16 urte ditu jada. 

Moldatzeko prozesua askoz errazagoa izan zen seme-alabentzat. Nestorrentzat, adibidez, eskola garaia ez zen samurra izan: «Hasieran, oso zaila izan zen bi hizkuntza aldi berean ikastea. Eskolan, guretzat errazena gaztelania zen. Konfiantza kontua da, eta konfiantza handiagoa geneukan gaztelaniarekin. Kalean ikasi nuen euskaraz berba egiten, eskolan baino hobeto». Seme-alabek, berriz, euskara gehiago erabiltzen dute, gaztelania baino. 

Hizkuntza berri bat ikasteak onura besterik ez duela ekartzen uste du Christianek: «Ikasten duzun edozein hizkuntza plus bat izango da». Bai Christian bai Nestor ondo moldatzen dira euskaraz. 

Han sortu, hara itzuli

«Itzultzea da asmoa, ez hemen geratzea», aipatu du Christianek, begirada galduarekin, buruan aspalditik bueltaka duen ideia bat izango balitz bezala. Diembering herriaz mintzatzean, hirurek aitortu dute bueltatzeko gogoa. Emmanuelek argi utzi du ez duela Euskal Herrian bizitzeko asmorik, behintzat ez epe luzean. Diruak modua ematen dienean, bueltatuko da Senegalera. «Ez dut pentsatu ere egin hemen bizitzea», esan du barrezka.

Noizean behin, oporrak dituztenean eta nahikoa aurreztu dutenean, Senegalera itzultzeko aukera dute. Buelta, hala ere, kosta egiten zaie. «Hara joaten naizenean, ilusio handiz joaten naiz. Lehenengo egunetan, moldatzea kosta egiten zait. 12 urte nituenean etorri nintzen hona, eta orain 27 urte ditut. Hasieran zaila da, ikusten gaituzte eta badakite kanpotik gatozela», esan du Nestorrek. Nahiz eta bere familia Diemberingekoa izan, bera Dakarren jaio zen, eta hor egin zituen lehenengo urteak. Senegalera bueltatu zen azken aldia orain dela sei urte izan zen. Aurten berriz itzuliko da, oporretan. 

«Hemen, bakarrik ekonomikoki bizi gara hobeto. Baina bizitza hobea hor daukagu, familiarekin gaude eta haiekin pasatzen dugu denbora»

NESTOR DIATTAMigrantea

Senide batzuk Senegalera joan zirela eta ez zirela itzuli ohartu du Christianek. Berak ere etxera itzultzeko gogo handia erakutsi du: «Diru apur bat daukadanean, berehalaxe bueltatuko naiz. Berehalaxe». Emmanuel saiatzen da urtero itzultzen.

Herrian egon ostean, Euskal Herrira itzultzea gogorra da. Nestorrek eta Christianek aho batez esan dute triste eta hutsik sentitzen direla bueltatzeko orduan. «Senegaldik hona bueltatzen naizenean hutsik sentitzen naiz; sentitzen dut ez dudala bueltatu nahi, oporrak azkar-azkar pasatzen direlako».

Bizitza hobe baten bila etorri ziren Euskal Herrira Emmanuel, Christian eta Nestor, eta partzialki lortu dute. Ekonomikoki ondo bizi badira ere, atzean lagatakoa ezin dute ahaztu. «Batzuk hemen daude, baina burua hor dute», uste du Nestorrek. Itzultzeko grina daukate, eta etorkizuna Senegalen irudikatzen dute. Etxean sentitzea berriz ere beti izango da euren ametsa. «Han sortu da eta hara itzuli da. Diemberingeko lurrak goxo har dezala. Otoitz hau nire aitarentzat da. Diemberingeko lurrak goxo har dezala», dio kantak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.