Migratzaileak. Harrera

Sendiaren legatua, aterpe bihurtua

Mundubat elkarteak kudeatuta, Martin Etxea harrera etxea inauguratu dute Gallartan. Helburua da migratzaile sendiei ostatua eskaintzea lan egonkorra aurkitzen duten arte.

Martin Etxearen inagurazioa, urrian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Martin Markiegi apaiz zenaren omenez ireki dute Martin Etxea harrera bizilekua Gallartan (Bizkaia). Markiegik etxean hartu zituen Espainiatik Gallartara meategian lan egitera iritsitako migratzaileak eta behartsuak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan. Jardun hari segida eman nahi dio Iñaki Markiegi anaiak. «Martin otsailean hil zen, minbiziak jota, eta berehala jarri ginen lehen familiarekin kontaktuan. Martxorako eraikinean zeuden», azaldu du Mundubat elkarteko zuzendariordeak. Markiegi familiaren etxea Mundubatek kudeatzen du orain, eta etorkinentzako harrera ostatu bihurtu dute. «Zenbat etorkin etortzen ari diren ikusita, asmoa da anaiak bere garaian egindakoaren antzeko eredu bat erabiltzea». Egun, orotara, hamahiru pertsona bizi dira han; jatorriz marokoarrak diren hiru familia.

Urriaren 17an egin zuten proiektua herrira zabaltzeko inaugurazioa, lehenagotik ere martxan ziren arren. «Dinamika egonkortu denean erabaki dugu horren berri ematen hastea; nahi genuen aurretik nork bere tokia har zezan». Hasiera ekitaldi jantziagoa lortu nahi zuten horrela: «Herriko eta eskualdeko elkarte eta herritar guztiak gonbidatu genituen. 140 lagun bildu ginen, eta, Gallarta izateko, hori kopuru esanguratsua da». Herriaren inplikazioa goraipatu du Markiegik.

Familiak lehentasun

Irizpide gisa, umeak dituzten sendiak lehenetsi dituzte, eta epe malgu bat zehaztu. «Lan egonkor bat duten artean egongo dira hemen, euren kasa bizitzeko baldintza ekonomikoak lortu arte». Urtebete inguruko epea izango dela aurreikusten du Markiegik.

Eskaintzari dagokionez, zenbait minimo betetzen ahalegindu dira hasiera-hasieratik. «Denak daude herrian erroldatuta, eta gaztelania zein euskara ikasten ari dira. Haurrak eskolara bidaltzen ere hasi gara». Familia bakoitzak etxebizitza propioa du, eta zenbait zerbitzu komun dauzkate. «Ahalegintzen gara haien arteko elkarrekintza bultzatzen. Elikagaiak eta ur berogailua konpartitzen dituzte». Era horretan, «sinergiak eraikitzea» dute helburu, eta Markiegik ohartarazi du prozesua aldebikoa dela. «Esperientzia oso aberasgarria da: bai haientzat, bai guretzat». Argi du, halere, erakunde publikoei dagokiela familia horiei oinarrizko baliabideak bermatzea.

Harrera, etxeko aterpean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.