Apirilaren 6ra arteko greba deialdia egin du Nafarroako Medikuen Sindikatuak, lan baldintzak hobetzeko helburuz. Baldintza ekonomikoak eta lan karga dira haien kezka nagusiak. Grebaren lehen egunak, baina, erantzun eskasa izan du, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera: Osasunbideko medikuen %2k egin dute greba. Zehaztu du goizeko txanda osatzen duten 2.143 profesionaletatik 43k egin dutela lanuztearekin bat.
Nafarroako Medikuen Sindikatuak, berriz, ez du daturik eman. Nolanahi ere, Alberto Perez bozeramailea pozik agertu da grebaren erantzunarekin. Sentsazio «gazi-gozoa» geratu zaiela erantsi du: «Gozoa, medikuek ahalegin handia egin dutelako gutxieneko zerbitzuen inguruko informazioa eskuratzeko, eta greban parte hartzeko interesa erakutsi dutelako; gazia, berriz, Osasun Departamentuak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak oso orokorrak eta nahasgarriak izan direlako». Perezen hitzetan, zerbitzuz zerbitzu joan behar izan dute zalantzak argituz.
Osasun Departamentuak jarritako gutxieneko zerbitzuak %100ekoak izan dira larrialdietan, eta %60koak kontsultetan, probetan eta larrialdiak ez diren beste zerbitzuetan. Perezen aburuz, gutxieneko zerbitzu horiek medikuei eragotzi egin diete greba egin edo ez askatasunez erabakitzea.
Nafarroako Gobernuak aletu du grebak zerbitzu bakoitzean izan duen eragina. Lehen arretan, esaterako, %1,75ekoa izan da. Goizeko txandako 630 medikuetatik 11k egin dute lanuztea. Ospitaleetan, %2,12koa izan da erantzuna; 1.513 profesionaletatik 32k babestu dute greba deialdia. Osasun mentalaren arloan, %3,31ko erantzuna izan du deialdiak —121 medikuetatik lauk egin dute greba—. Zerbitzu zentraletan, ostera, inork ez du grebarekin bat egin. Arratsaldeko eta gaueko daturik ez du eman; izan ere, gobernuak argitu duenez, txanda horietako mediku gehienak larrialdi zerbitzuetan daude, eta zerbitzu horietan gutxieneko zerbitzuak %100ekoak dira.
«35 orduko lan asteari buruz ari gara hitz egiten. Medikuek 48 ordukoa dugu, baina handitu daiteke beharren arabera. Lankide batzuk ari dira egiten 60, 70 eta 80 ordu arteko lan asteak»
ALBERTO PEREZ Nafarroako Medikuen Sindikatuko kidea
Gehiegizko lan karga
Nafarroako Medikuen Sindikatuak lan baldintza hobeak eskatzen ditu, eta, haien esanetan, haien aldarrikapenei entzungor egiten ari dira bai Nafarroako Gobernua eta bai Osasun Departamentua. Sindikatuak salatu duenez, erakundeak ez dira betetzen ari orain arte lortu dituzten akordioak. Horrez gain, aurtengo aurrekontuetan lan baldintzen hobetzerik aurreikusi ez izana deitoratu dute.
Sendagileek egunerokoan duten lan zama da «lehentasunez» negoziatu nahiko lituzketen gaietako bat. Sindikatuaren hitzetan, «gehiegizko lan karga jasanezina» dute sendagileek, eta horrek ez die aukerarik ematen pazienteekin behar beste denbora hartzeko. Horrez gain, salatu dute administrazioak ordu gehigarriak egitera behartzen dituztela «zerbitzuaren beharren aitzakian». Sindikatuaren kide batek datu zehatzak eman ditu. «Beste langileentzat 35 orduko lan asteari buruz ari gara hitz egiten. Bitartean, medikuek gehienez 48 orduko lan astea finkatuta daukagu, baina hori ez da muga, ordu kopurua handitu daitekeelako zerbitzuaren beharren arabera. Lankide batzuk ari dira egiten 60, 70 eta 80 ordu arteko lan asteak. Hori jasanezina da».
Horrez gain, BAME barruko mediku egoiliar gisa pasatutako denbora karrera profesionalean kontuan hartzeko ere eskatu dute. «Nafarroakoak bakarrak dira kontuan hartua ez dutenak. Diskriminazio onartezina da».
Bilerarekin pozik, baina zuhur
Sindikatuak lau asterako egina zuen greba deialdia, apirilaren 6ra arte, baina gobernuak negoziaziorako aukera zabaldu du dagoeneko. Izan ere, hilaren 13an — osteguna— bilera bat egitea adostu dute sendagileen eskaerez hitz egiteko. Medikuen Sindikatua gustura dago aukera horrekin, baina zuhurtziaz hartu du, «beste batzuetan iruzur egin digutelako, agindutakoa ez dutelako bete».