Osasunaren eta negozioaren artean beti egon ohi da zeresana. Batzuentzat, medikamentuak beharrezkoak dira osasun arazo bati aurre egiteko eta hobeto sentitzeko; beste batzuek, aldiz, nahiago dute itxaron eta halakorik ez hartu. Hautu bat edo beste egin, ordea, medikamentuen atzean sarri askotan egon ohi da farmazia industria bat. Gehienetan, eskutik helduta doaz industria hori eta negozioa. Gako horien inguruan aritzeko, mahai inguru bat antolatu zuen Arabako Medicusmundi elkarteak herenegun, Gasteizko Europa jauregian, izenburu honekin: Medikamentuak: osasuna ala negozioa? Osasun eskubidea industria farmazeutikaren interesen aurrean. Juan Erbiti eta Angela Bernardo izan ziren hizlariak: Farmazia doktorea bata, eta Farmazia Industriako eta Teknologikoko masterduna bestea. Biek ala biek industria horren barrunbeak ikertu dituzte.
Erbitik, lehen hitza hartu, eta galdera bat bota du airera, erantzun motz batez lagunduta: «Ba al dakizue nork ikertzen dituen medikamentuak? Gehienek 'industria farmaziak' erantzungo zenukete, baina ez da erantzun oso zuzena». Doktoreak adierazi duenez, produzitzen diren medikamentuen %85 jada merkatuan dauden sendagaien kopiak dira. Hain zuzen ere, azaldu du konpainiek molekuletan aldaketa txikiak egiten dizkietela, eta ondorioz patente berri bat sortzen dutela; lizentzia horiek enpresei saltzen dizkiete, baina produzitzen gastatu dutena baino prezio altuagoetan. «Horiek, ordea, ez dute ezertarako balio».
Gainontzeko %15aren bi heren, berriz, Ameriketako Estatu Batuetako sistema publikoak produzitzen duela jakinarazi du: «Horiek dira zerbait eskaini dezaketenak».
Medikamentuen ikerketa eta garapena ere gogoan izan ditu Erbitik. Jakinarazi duenez, zenbait ikerketa argitaratzen dira, esate baterako, aldizkari zientifikoetan eta ospe handikoetan, baina ez dago ziurtatzerik datuak egiazkoak diren ala ez : «Ikerketak ez dira interes zientifikoagatik eta sozialagatik argitaratu ohi, baizik eta enpresek etekinak lortu ditzaten; marketineko sailek diseinatu ohi dituzte, eta helburua ekonomikoa da, komertzializatzea». Ondorioz, haren arabera, gaur egun, sendagai berri asko daude merkatuan, baina ezin jakin daiteke zerbaitetarako balio duten ala ez. Gainera, nabarmendu du industriek medikamentuen etekinak handizkatu eta haien eraginkortasuna ezkutatzen dutela. «Egoera horrek okerrera garamatza, lagundu dezaketen medikamentuak geroz eta gutxiago baitira».
Datuen gardentasuna
Industriek informazio gardena eskaintzen ez badute ere, bada hori ikertzea helburu duen proiekturik; Civio fundazioa, adibidez. Bertako kidea da Bernardo, eta azaldu du datuak eskaintzetik harago beharrezkoa dela zenbait gairen inguruko ikerketak egitea herritarrek egia jakin dezaten. Hala, teknologia, aktibismoa eta kazetaritza uztartzen ditu fundazioko lantaldeak: horiek dira hiru zutabe nagusiak. Besteak beste, osasuna eta politika publikoa dute aztergai. «Ikertu nahi izan dugu administrazio publikoak zenbat ordaintzen duen medikamentuek balio dutena balio dezaten, baina farmazia industrian gardentasuna falta da, eta datuak desagertu egiten direla dirudi», esan du Bernardok.
Ikerketa kazetaritza oinarri hartuta, datu horiek argitara ematea dute helburu. Ohartarazi duenez, informazioa boterea da, eta gizarteak informazio hori edukitzeak plus bat eskain diezaioke gardentasunari. Halere, nabarmendu zuen egin dituzten ikerketen ostean ez dela lan erraza jakiteazein den medikamentu baten benetako prezioa: «Ez dakigu zenbat diru publiko ematen dugun tratamendu batendako; datu horiek ez dira inon agertzen». Erbitiren ustez, berriz, egoerari aurre egiteko beharrezkoa da gizarte osoa kontzientziatzea eta elkarrekin jardutea. Are gehiago, esan zuen aurre egin ezean farmazia industriak bere interesen alde jardungo duela: «Irabaziak handitu nahi ditu, sistema apurtu behar bada ere; gainera, produktuak saltzearekin bat lapurreta egiten du».
Sendagaien zulo iluna ezagutzeko gakoak
Farmazia industriari buruzko mahai inguru bat antolatu dute Gasteizko Europa jauregian. Adituek azaldu dute interes ekonomikoak daudela medikamentuen atzean, eta zaila dela haien benetako prezioa jakitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu