AstraZenecaren txertoaren segurtasunari buruz sortutako gorabeherak direla medio, agerraldia egin du gaur arratsaldean Sendagaien Europako Agentziako zuzendari Emer Cooke Bruselan. Cookek berretsi du ez dutela loturarik topatu txerto horren eta odolbilduak izan dituzten kasuen artean. «AstraZeneca txertoa jasotzearen ondorioz odolbilduak sortu direla esateko inolako zantzurik ez dago», adierazi du. Hala, azpimarratu du txerto hori segurua dela: «Ziurtasun osoa dugu txertoaren onurak gehiago direla haren arriskuak baino».
Cookek jakinarazi du Sendagaien Europako Agentzia «sakonki» ari dela ikertzen Europako hainbat herrialdetan atzeman diren odolbildu kasuek AstraZeneca txertoarekin lotura ote duten, edo, kontrara, «kointzidentzia» bat baino ez den. Sendagaien Europako Agentziak bihar emango ditu ezagutzera ikerketa horren ondorioak.