Sendagaiak etxean jasotzeko proiektu pilotu bat abian jarri dute Arabako landa eremuan

'Botika etxean eskura' izena du proiektuak, eta, haren bitartez, botikak etxean entregatzen direla bermatu nahi dute, eta landa eremuan bizi direnen arreta hobetu.

Farmazia bat, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU
Farmazia bat, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU
edurne begiristain
2025eko urtarrilaren 31
14:51
Entzun

Landa eremuan bizi direnen autonomia hobetzen laguntzeko asmoz, sendagaiak etxean jasotzeko proiektu pilotu bat aurkeztu dute gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Arabako Foru Aldundiak eta Farmazialarien Elkargoak. Botika etxean eskura izena du egitasmoak, eta haren bitartez lortu nahi dute sendagaiak etxean entregatzen direla bermatzea. Arabako Añana eta Mendialdea eskualdeetan martxan jarriko dute proiektua, eta, emaitza onak emanez gero, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landa eremuko beste herri batzuetara zabalduko dute.

Proiektu pilotuaren helburu nagusia da sendagaiak etxez etxe ematea, eta arreta farmazeutiko hobea eskaintzea landa eremuan, Alberto Martinez Osasun sailburuak azaldu duenez: «Bermatu nahi dugu medikuak agindutako jarraibideen arabera jasoko dituela pazienteak sendagaiak». Era berean, medikazioaren erabilera aztertu eta kontrolatu nahi dute, eta, arazoak identifikatuz gero, botikak oker erabiltzearekin lotutako kalteak prebenitu eta eragotzi. Proiektuak pazienteen tratamenduarekiko atxikimendua indartzeko eta dosifikazio sistema pertsonalizatuak prestatzeko ere balio izatea nahi dute.

Horrez gain, Osakidetzako lehen mailako arretako profesionalei tratamenduaren inguruko informazio osatuagoa eskaintzeko tresna izatea nahi dute. Arabako Aldundiak azpimarratu du herrialdeko landa eremuko pertsona askoren bizi kalitatea hobetuko dela ekinbideari esker, eta asmoa dela populazio gune handietatik kanpo bizi diren herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzea.

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Diputazioak finantzatuko dute proiektua, 125.000 euro jarrita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.