Herenegun Garesen (Nafarroa) izandako leherketan eta sutean zauritutako hiru pertsonak senda-agiria jaso zuten atzo. Eztanda izandako etxean bizi zen gizona zendu egin zen, eta beste hamahiru lagun zauritu ziren; horietako hiru ospitaleratuta daude oraindik. Haietako bat, 25 urteko gizon bat, oso larri dago, Nafarroako Ospitale Guneko arta intentsiboetako gunean; larri dago, halaber, 21 urteko emakume bat.
Igande goizaldean izan zen leherketa, 01:30ean, Nafarroako Gorteen kalean, lehen solairuko etxebizitza batean. Eztanda bortitza izan zen: etxearen aurreko horma bota zuen, eta eraikinaren egituran eragin zuen, besteak beste, zutabeak mugiarazteraino; hortaz, bizilagunak ezingo dira berehala itzuli —haien premiak aztertzen ari dira Garesko Udala eta Nafarroako Gobernua—. Leherketaren ondorioz piztutako sutea azkar itzali zuten suhiltzaileek, eta orduan aurkitu zuten 80 urteko gizon baten gorpua, ezbeharra gertatutako etxean. Ikerketako lehen hipotesien arabera, gizonak nahita eragin zuen gas eztanda, bere buruaz beste egiteko.
Zauritu larrienak, baina, kalean zeuden leherketa gertatu zenean, herriko jaiak izan baitira asteburuan. Izan ere, eztandaren ondorioz, eraikineko adreiluak, kristalak eta bestelako hondakinak kalera iritsi ziren, eta bertan zeudenak kolpatu; izatez, aurreko espaloiko kutxazain batean dirua ateratzen ari ziren larrien dauden biak. Gazteak dira zauritu gehienak: 19 eta 25 urte bitartean dituzte ospitaleratuta egon diren sei pertsonak. Guztira, hamahiru zauritu izan ziren, baina beste zazpiek artatuak izan eta berehala jaso zuten senda-agiria.
Senda-agiria jaso dute Garesko leherketagatik ospitaleratutako hiruk
Beste hiru lagunek jarraitzen dute Nafarroako Ospitale Gunean; tartean, oso larri, 25 urteko gizon bat. 80 urteko gizon bat hil zen igandean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu