Senatuak betoa ezarri dio Nafarroako trafiko eskumena eskualdatzeko erreformari

PPk ganbera horretan duen gehiengoa baliatu du tramitazioa atzeratzeko. Azken hitza Kongresuak izango du, eta Tabernak espero du hark lehenbailehen onartzea.

Senatuko presidente Pedro Rollan, artxiboko irudi batean. SERGIO PEREZ / EFE
Senatuko presidente Pedro Rollan, artxiboko irudi batean. SERGIO PEREZ / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko azaroaren 13a
15:55
Entzun

PPk Espainiako Senatuan duen gehiengoa baliatu du trafiko eskumena Nafarroako Gobernuari itzultzeko prozesua atzeratzeko. Kongresuak irailean eman zion onespena, baina goi ganberan gaur egin da haren inguruko eztabaida, eta PPk eta Voxek betoa ezarri diote Foru Hobekuntzaren erreformari. Horiek hala, auzia Kongresura itzuliko da berriz ere, eta ganbera hari eskaera egina dio Felix Taberna Nafarroako Presidentetza kontseilariak: lehenbailehen onartu dezala transferentzia.

Kongresuak bi hilabeteko epea du Senatuak ezarritako betoari aurre egin eta Foru Hobekuntzaren erreforma behin betiko onartzeko, eta Tabernak espero du erabakia berandu gabe iristea. Hark PPren kontra ere egin du, esanez «instituzioak instrumentalizatzen» ari dela, Nafarroako eta Espainiako gobernuen kontra egiteko asmoz. Hain zuzen, kritika berak entzun dituzte Alderdi Popularreko kideek Senatuan ere. Mario Zubiaga EH Bilduko senatariak «haserrealdi parlamentariotzat» jo du PPren jarrera: «Antzuki luzatutako tramite bat da». Eta bide beretik Geroa Bairen ordezkari Uxue Barkos ere. «Beto hori diktadurarekiko nostalgikoa da», esan du hark, gogora ekarriz 1962an Madrilen esku utzi zutela trafiko eskumena, frankismo betean.

2019an, Pedro Sanchez bere inbestidurarako akordio bila ari zela, EAJk PSOErekin adostu zuen trafiko eskumena eskualdatzea, eta, hiru urte geroago, testuinguru berean, EH Bildu izan zen sozialistekin gauza bera hitzartu zuena, horretarako epemuga bat ere ezarrita: 2023ko martxoaren 31. Bideari ekin, eta Espainiako eta Nafarroako gobernuek adostu zuten trafiko eskumena azken horren esku uztea eta, ondorioz, Foruzaingoak hartzea lan horien ardura. Jucil Guardia Zibileko sindikatu korporatiboak erabakiaren aurka jarritako helegitea tarteko, baina, Espainiako Auzitegi Gorenak otsailean ebatzi zuen hura ez zela legezkoa.

Horri aurre egiteko, Foru Hobekuntza erreformatzeko prozesuari ekin zioten. Bi gobernuen arteko adostasuna izanik, Nafarroako Parlamentuan onartu zuten lehenik, eta Espainiako Gorteetara iritsi zen hala. Kongresuan onartu zuten erreforma, Espainiako Gobernua sostengatzen duten alderdien eta UPNren babesarekin. Senatuan, ordea, gehiengoak bestelakoak dira, eta han PPk eta Voxek dute nagusitasuna. Biek egin dute erreformaren kontra, argudiatuta Guardia Zibila Nafarroatik kanporatzea duela helburu. Azken hitza, baina, Kongresuak izango du berriz ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.