Familientzako diru laguntzetan hobekuntzak iragarri ditu gaur Eusko Jaurlaritzak: seme-alaben mantenurako hileroko laguntza ekonomikoak denboran luzatuko ditu. Gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako familiek 200 euro jasotzen dituzte hilean 3 urtetik beherako seme-alaba bakoitzeko, hau da, umea jaiotzen denetik 3 urte bete arte. 2023an sartu zen indarrean laguntza hori. Jaurlaritzak gaur iragarri duenez, laguntza horien iraupena urtebetez luzatuko dute, eta, hortaz, 4 urte bete arte jasoko dute laguntza.
Guztira, familiek 2.400 euro jasoko dituzte urtero. Laguntzak are gehiago luzatuko dituzte hirugarren edo ondorengo seme-alaben kasuan, 3 urtetik 10 urtera, hain zuzen ere, eta familia horiek 100 euro jasoko dituzte hilero. Eusko Jaurlaritzak urte hasieran plazaratutako datuen arabera, EAEko 80.863 familiak egin dute laguntza hori jasotzeko eskaera, eta horietatik 68.975 onartu dira.
Gaur iragarritako aldaketak aurten sartuko dira indarrean, data zehatzik eman ez duten arren. Era berean, ez dute zehaztu ea onartzen direnetik aurrera aplikatuko diren edo atzerako eragina izango duten.
Laguntzen helburua seme-alabak dituzten familiei «gutxieneko baliabideak bermatzea eta haur pobrezia saihestea» da, Eusko Jaurlaritzaren arabera. «Euskadi gaztetzen, belaunaldien arteko orekari eusten eta ongizate eredua bermatzen ari gara», azaldu du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak. «Euskadi gaztetu nahi eta behar baldin badugu, belaunaldien arteko oreka eta gure ongizate eredua bermatu nahi baditugu, gaurkoaren moduko pausoak eman beharko ditugu».
Neurri horiek finantzatzeko, 112 milioi euroko gehigarria erabiliko du Eusko Jaurlaritzak. Kopuru horretatik 31,2 milioi euro 2025. urteari dagozkio; 35,2 milioi euro 2026. urteari; 33 milioi euro 2027. urteari; 11,9 milioi euro 2028. urteari eta 706.000 euro 2029. urteari.
Jaurlaritzak 2024-2028ko aldirako gobernu programan jaso zuen diru laguntza horiek luzatzea; zehazki, gaur egun dagoen adin mugatik —3 urte— 7 urtera arte, edo, familia ugarien edo guraso bakarreko familien kasuan, 10 urtera arte, «indarrean dauden irizpideak errespetatuz». Norabide horretan emandako lehen pausoa da gaur iragarritakoa.
Kontziliaziorako laguntzak
Horrez gain, kontziliaziorako laguntzen berri ere eman dute. Aurten 25,1 milioi euro erabiliko dituzte horretarako. 23,5 milioi euro jarriko dituzte, batetik, 3 urtetik beherako seme-alabak zaintzeagatik eszedentzian dauden langileentzat, eta, bestetik, 12 urtetik beherakoen zaintzarengatik lanaldia murriztu dutenentzat. 1,2 milioi jarriko dituzte mendekoak diren edo gaixotasun larriren bat duten senideak zaintzeko eszedentzian dauden edo lanaldia murriztu duten langileei laguntzeko. 390.000 euro izango dira jaiotzagatiko eta urtebetetik beherako haurra zaintzeagatiko gurasoen kotizaziopeko prestazio aldiak parekatzeko.
Zaintzaileak kontratatzeko laguntzak
Familientzako laguntzekin lotutako hirugarren ildo bat ere onartu dute gaurko gobernu kontseiluan. Hartara, 1,5 milioi euro erabiliko ditu aurten Eusko Jaurlaritzak 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileen kontratazioan laguntzeko.