Selma Huxley (Londres, 1927) ikerlaria eta historialaria zendu da, 93 urte zituela. Huxleyk harreman estua izan du Euskal Herriarekin: balearen eta bakailaoaren arrantzak euskal itsas historian izan zuen eragina ikertzeko lanean ibili zen urte luzez, eta aitzindaria izan zen Euskal Herriaren eta Kanadaren arteko harremana ikertzen.
BERRIAri 2013an emandako elkarrizketa batean kontatu zuenez, 1956an etorri zen Huxley lehenengoz Euskal Herrira. Ordurako Kanadan bizi zen, senarrarekin, eta hasia zen Kanadako Atlantikoko itsasaldea eta Euskal Herria ikertzen. Alargundu ondotik, ikerkuntzarako artxiboen bila etorri zen Huxley Euskal Herrira, lau seme-alabak hartuta. Bilbora iritsi zen, eta, handik, Oñatira (Gipuzkoa) jo zuen, han baitzegoen Gipuzkoako Protokoloen Artxiboa. Oñatin bizi izan zen 20 urtez, 1993ra arte.
Ternuan egondako euskaldunen gaineko XVI. eta XVII. mendeetako dokumentuak aurkitu zituen Huxleyk Oñatin, eta dokumentu horiei esker lortu zuen jakitea euskaldunak, Kanadako kosta atlantikoan egiten zen bakailao arrantzan ez ezik, bale arrantzan ere jardun zirela XVI. mendean. Labradorko eta Ternuako itsasarteak aztertu eta euskaldunek bertan utzitako aztarnak azaleratu zituen Huxleyk. Egun Albaolako Itsas Faktorian egiten ari diren eta XVI. mendean Kanadan hondoratu zen San Juan baleontzi euskaldunaren gaineko dokumentuak ere aurkitu zituen Huxleyk.
Hainbatetan saritua
Historialariak hainbat argitalpen egin zituen, eta, horri esker, hainbat sari jaso zituen mundu osoan zehar. Adibidez, 1981. urtean, Kanadako Ordena esleitu zioten Labradorren eginiko aurkikuntzengatik, eta, 1993. urtean, Memorial Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen. 2013an, Donostiako Aquariumaren urrezko saria jaso zuen, eta 2014an, Eusko JaurlaritzakoLagun Onari saria, kanpoan izandako euskaldunen hedapen historiko eta kulturalari egindako ekarpenagatik. Oñatiko Udalak omenaldi bat egin zion 2016an, eta Historia genero ikuspegitik ikerketa bekari Selma Huxley izena jartzea erabaki zuen.
1530etik 1700era Kanadako Labradorren eta Ternuan izandako euskal arrantzaleak aztertzen eta ikertzen bizitza eman ondotik, azken urteak Ingalaterran eman ditu.