Hezkuntza komunitateko hainbat eragilek —Gora Ikasleon Borroka taldeak, LAB, Steilas, FeSP eta UGT sindikatuek, Sortzen-ek, Ikastolen Elkarteak eta Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak— bat egin dute ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran egingo diren unibertsitateetarako sarbiderako azterketaren baldintzak salatzeko.
Oharrean adierazi dutenez, agerikoa da koronabirusaren krisiak eragina izan duela hezkuntza arloan: "Hilabeteotan, pertsona guztien ahotan egon da hezkuntza zentroen etorkizuna". Baina salatu dute erakundeek —bai Eusko Jaurlaritzak, bai Nafarroako Gobernuak eta baita Espainiakoak ere— "aldebakarreko erabakiak" hartu dituztela. Horien artean, selektibitatea egitearena: "Pedagogia ereduari erreparatu gabe eta hezkuntzako kideon arteko adostasunik bilatu gabe erabaki dute probarekin aurrera egitea". Horrez gain, ikasleen osasuna ere arriskuan jarriko dela ohartarazi dute.
Sinatzaileen arabera, azterketari buruzko "ezjakintasuna eta informazio falta" dute ikasle eta irakasleek: "Milaka ikaslek zalantzaz lepo jarraitzen dute; unibertsitaterako sarbidea ahalbidetuko dien azterketa non eta zer baldintzatan egingo duten jakin gabe". Horregatik, Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote hezkuntza komunitatea entzuteko eta haien iritzia aintzat hartzeko. Besteak beste, hainbat neurri proposatu dituzte egoera onbideratzeko.
Proposamen zehatzak
Ikasleek, sindikatuek eta hezkuntzako eragileek gobernuei eskatu diete selektibitaterako neurri jakin batzuk kontuan hartzeko. Neurri batzuk azterketaren ereduarekin lotuta daude: ikasle bakoitzak ahalik eta gertuen duen espazioan egitea azterketa, probak iraun bitartean segurtasun distantziak mantentzea, azterketak iraun bitartean egin beharreko desinfekzio eta garbiketa garbitzaileen kolektiboekin negoziatzea. Beste neurri batzuk, berriz, probaren edukiari dagozkio: hirugarren ebaluazioan landutakoa azterketan ez sartzea, ariketa malguak izatea eta zuzentzeko irizpideak denboraz jasotzea.
Dinamikaren berri eman eta egoera salatzeko, bihar egingo dituzte elkarretaratzeak Gasteizen eta Iruñean, 11:30ean.