Selektibitateak eragindako «ezegonkortasuna» salatu dute batxilergoko ikasleek kalean

Ikasle Abertzaleek protesta jendetsuak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, 'Ez jolastu gure etorkizunarekin' lelopean.

Batxilergoko ikasleen protesta, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Batxilergoko ikasleen protesta, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko urriaren 11
17:00
Entzun

Zientoka ikasle kalera atera dira gaur goizean, Ikasle Abertzaleek deituta: batetik, selektibitate eredu berriari buruzko informaziorik eza salatzeko, eta, bestetik, «ikasleen interesen eta beharren araberako hezkuntza sistema» aldarrikatzeko. Mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan, Ez jolastu gure etorkizunarekin lelopean.

Ikasleek salatu dute ikasturtea hasi eta hilabetera batxilergoko bigarren mailako ikasleek ez dutela informaziorik unibertsitateko sarbide azterketa berriari buruz, eta horrek «ezegonkortasun eta ziurgabetasun handia» eragin diela. «Selektibitatean, gure etorkizuna jokoan dugu ikasle askok, eta ikasturte osoa behar dugu hura prestatzeko. Hori ikusita, izugarrizko ezegonkortasuna dago ikastetxe guztietan, ez baitakigu ikasgaietan zer eman. Eta, nola ez, ikasleak gara egoera ezegonkor horren kaltea pairatzen dugunak, beti bezala», azaldu dute, manifestazioen bukaeran irakurri duten manifestuan.

Ikasle Abertzaleek kritika egin diete «politikari profesionalei» ere: «Ez dute ezertxo ere egin arazoa konpontzeko». Selektibitate berriaren nondik norakoen berri izateaz harago, beste eredu bat nahi dute: «Selektibitatea bera kritikatu nahi dugu; izan ere, alferrikako lan karga eta presioa ezartzen dizkigu, gaitasun ekonomiko gutxien dituztenentzat zailagoa da azterketa ondo prestatzea, eta indibidualismoa eta ikasleon arteko lehia sustatzen ditu».

Are: uste dute selektibitateak «hezkuntza sistema kapitalistaren benetako aurpegia» erakusten duela: «Iluna eta ikasleon interesen kontrakoa». Hori ikusirik, ikasleen interesen eta beharren neurrira diseinatutako hezkuntza sistema bat aldarrikatu dute: «Ikasleon ongizatea zainduko duena; heziketari garrantzia emango diona; zigor, debeku edo kontrolaren aurrean ikasleon eskubideak bermatuko dituena; doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala. Hezkuntza sistema sozialista».

Helburu horrekin, mobilizazioei eutsiko dietela iragarri dute Ikasle Abertzaleek, manifestazioen bukaeran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.