Koronabirusa

Selektibitatea BECen eta ikastetxeetan ere egingo dute

Azterketarako ikastetxe batzuk zehaztu dituzte: Eibarko Armeria eskola eta BHI, eta Gasteizko BHI Ekialdea. Maskara erabili beharko dute

Irati Uradalleta Lete
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Selektibitaterako hilabete eskas falta den honetan, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eman ditu xehetasun batzuk. Lekuari dagokionez, iragarri du EHUren campusetan ez ezik BECen eta bigarren hezkuntzako hainbat ikastetxetan ere egingo dutela. Eibarko (Gipuzkoa) Armeria Eskola eta BHI, eta Gasteizko BHI Ekialdea aipatu dituzte. «Ezohiko egoera hau dela eta, EHUk eta Eusko Jaurlaritzak handitu egin dute azterketak egiteko lekuen kopurua, osasun baldintza ahalik eta onenetan egin daitezen», azaldu dute.

Ikasleek etxetik eraman beharko dute maskara, baita azterketa egiteko beharrezkoa duten materiala ere —erregelak, kalkulagailuak...—, eta beti gorde beharko dute segurtasun tartea. Gainera, eskuak garbitu beharko dituzte urarekin eta xaboiarekin edo sarreran ipiniko diren ontzietako gel edo soluzio hidroalkoholikoekin. Azterketak egin ahal izateko protokolo bat prestatzen ari direla azaldu dute: «Higiene, osasun eta antolakuntza neurriak jasoko ditu, eta ikastetxeei helaraziko zaie».

Probaren egunei eustea erabaki dute: uztailaren 6an, 7an eta 8an ohiko deialdia, eta 20an, 21ean eta 22an ezohikoa. Ordutegietan, ordea, aldaketak egingo dituzte. Araceli Garin EHUko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak Radio Euskadin azaldu du ohiko eta ezohiko deialdietako ordutegiak zein izango diren: selektibitatea lehen egunean bakarrik egingo dute goizez eta arratsaldez, eta probaren hasiera ordubete atzeratu dute egun horietan. Beste urteetan bezala, 08:30 ingururako joan beharko dute, baina beste modu batean sartuko dira: alfabetoaren arabera deituko diete ikasleei sartzeko, eta 10:00etatik aurrera hasiko dira azterketekin. Hurrengo bi egunetan, berriz, goizez soilik egingo dute. «09:00etan hasiko gara, eta espero dugu 15:00 aldera amaitzea, normal». Gainera, ziurtatu du maskara erabili beharko dela azterketetan ere.

Azterketen egiturari buruz aurretik esana zutena berretsi dute: beste egitura bat izango dute. «Ikasturte hasieran ezarri ziren ereduak, orientabideak eta ebaluazio eta zuzenketa irizpideak mantenduko dira, baina berregituratu egin dira azterketak». Horrela, bi helburu lortu nahi dituzte: proba «malgutzea» eta ikasleen «aukera berdintasuna» bermatzea. EHUren arabera, ikasleek aukera izango dute, «modu ordenatuan» eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketetako A eta B aukeretako galderak nahasteko.

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere selektibitatea egiteko antzeko neurriak argitaratu zituen ostegunean. Besteak beste, maskara erabiltzea ezinbestekoa izango da —ikasleek kentzeko aukera izango dute azterketa egiteko, baina jantzita eduki beharko dute zerbait galdetzeko edo ikasgelatik ateratzeko—; segurtasun tarteak mantendu beharko dituzte; gel hidroalkoholikoa erabili; eta sarrerak eta irteerak modu mailakatuan egin beharko dituzte. Nafarroan ere ez dute unibertsitateko campusetan soilik egingo proba. Lau institutu ere erabiliko dituzte: Gurutzeta Plaza, Iturrama, Basoko eta Zizur. Gainera, egun bat luzatu dute ohiko deialdia, eta ekainaren 23an, 24an, 25ean eta 26an egingo dute.

Selektibitaterako baldintza duinak aldarrikatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo Gasteizen eta Iruñean Gora Ikasleon Borroka taldeak; LAB, Steilas, FeSP eta UGT sindikatuek; Sortzen-ek; Ikastolen Elkarteak; eta Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak deituta. Hainbat eskaera egin dizkiete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari: besteak beste, proba ikasle bakoitzak gertuen daukan espazioan egitea eta mugitu behar dutenei garraioa eskaintzea; segurtasun tarteak errespetatzea; eta hirugarren ebaluazioan landutakoa azterketetan ez sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.